
Aurten hasi eta 2021. urtera arte indarrean egongo den Euskararen Erabilera Plana onartu du aho batez Amorebieta-Etxanoko udalbatzak. Euskararen erabilera Udaleko arlo guztietan “indartzea eta areagotzea” nahi duen egitasmoak, “herritarrei kalitatezko zerbitzua euskaraz izatea” bermatuko die, Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan.
Egitasmo honen bidez, euskara Udaleko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza bilakatu nahi da, “euskararen erabilera bermatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzuteko”. Orain arte Udalak ez zien bermatzen herritarrei bere hizkuntzaren erabilera administrazioaren arlo guztietan. Hemendik aurrera, “zerbitzu arreta guztietan egin ahal izango da euskaraz”, Agirrebeitiaren esanetan.
“Ohiturak aldatzea inportantea da” alkatearen ustean eta, asmo horrekin, euskararen presentzia administrazioan indartzeko eskaera duen idatzi bat helaraziko die Udaletxeko langile guztiei. Izan ere, administrazioko langileak horretarako trebatuta daude eta sortzen diren lanpostu berri guztiek behar duten hizkuntza-perfil eskakizuna izango dute.
Datozen bost urteetan indarrean egongo den planak urte eta erdiko lana eskatu du. Aurreko plana agortu zenean zaharra berritzea edo goitik behera berria egiteko aukerak zeuden eta Udalak azken honen aldeko apustua egin zuen.
Plan berria “euskararen erabilera areagotzeko mekanismoa da”, Rafa Ugalde, Euskara teknikariaren esanetan, eta horregatik helburuak, irizpideak eta udal departamentu bakoitzaren diagnosia egingo da. Agiria, ondorioz, lan egiteko “oinarria eta abiapuntua” izango da.