Amorebieta-Etxanoko Udalak Nafarroa Zentroa eraberritzeko lanekin jarraituko du abuztuan, 568.000 euroko aurrekontua duen laugarren faseari ekinda. Eraberritzea faseka burutzen ari direnez, zentroak martxan jarraitzen du lanak egin bitartean.
Nafarroa Zentroko bigarren solairua eta lehenengo solairuko hegoaldeko partea osorik eraberrituta, dagoeneko egin dira lanen lehen hiru faseak. Abuztuan ekingo zaioan laugarren fasean, lehenengo solairuko iparraldeko partea osorik berriztatuko da, hau da, Gizarte Ekintza Saila eta mendekotasun gradu baxua duten adinekoen zentroa.
Argi naturala aprobetxatzeko helburuarekin, nagusien zentro hori lekuz aldatu eta fatxadarantz eramango da. Gizarte Ekintza Sailak herritarrei arreta emateko unea sarbide nagusiaren parean kokatuko da eta gainontzeko bulegoak barruko aldean geratuko dira: bilera gela, officea, komuna, biltegia eta erabilera anitzeko bulegoa.
Irisgarritasunaren aldeko aldaketak
Atondo nagusian komun bi jarriko dira, horietako bat egokituta. Horretaz gain, sarbide berri bi zabalduko dira erdiko espaziotik, adinekoen jardueretarako eta atseden gelarako.
Egungo argi-zuloak ere kenduko dira eta zentroaren beharrizanetarako aproposa den argiztapen sistema bat jarriko da. Gainera, irteera kotan dagoen egungo teilatua guztitz berriztatuko da, orain dauden maldak eraberrituz.