Amorebieta-Etxanoko Udalak instalazio geotermiko berri bat jarri du Zelaieta Zentroa handitzeko lanen barne. Ekimen horretarako Udalak 133.915 euroko inbertsioa egin du, eta diru kopuru horren % 50a IDAEtik jaso du.
Instalazio geotermikoak 120 metroko sakonerako 10 putzu bertikal ditu. Bero-ponpa geotermikoa (EcoGEO 15-70) instalatu da berokuntzarako eta hozteko. Ponpa horrek 59,6kW eta 65,8kW-ko potentzia nominala du, hurrenez hurren, eta zoru erradiatzaile/freskagarri bat eta estalkian kokatutako bi klimatizagailu elikatuko ditu.
Gauzatze-jarduketak honako hauek izan dira: geotermiako putzuak, putzuak kolektoreekin lotzea, gela teknikoa eta instalazioaren gainerako osagaiak, zoru erradiatzailea/freskagarria elikatzeko beharrezkoak direnak, eta klimatizagailuak.
Proiektu honek Karbono Gutxiko Ekonomiako proiektuetarako laguntzen ildoari heltzen dio. Proiektu horiek toki-erakundeek sustatzen dituzte, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatuta eta IDAEk kudeatuta, ekonomia garbiagoa eta iraunkorragoa lortzeko helburuarekin.