Amorebieta-Etxanoko Udalak hitano ikastaroetara hurbiltzeko eta bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei, baita lagunarteko edo erregistro informalean erabiltzen den hizkera hori ezagutzeko.
Udalak egindako deia, batez ere, gazteei zuzenduta dago, batzuek ez dakitelako “Hika eta Noka euskaraz lagun artean, erregistro informalean, aritzeko modua dela”. Gainera, ”seguruenik, entzuteko aukerarik ere ez duzue izan”, Udaletik adierazi dutenez.
Zornotzan hitanoa landu eta berreskuratzeko bidea, 2022ko otsailean abiatu zuen Udalak, eta euskara sailetik azaldu duenez “parte hartzera animatu ziren zornotzarrek zortzi saio teorikotan hartu zuten parte hitanoaren oinarriak lantzeko helburuarekin. 2022-2023 ikasturtean talde horrek ekin egin dio lanari aste birik behin elkartuta, saio teorikoak eta hitano-poteoak txandakatuta”.
Orduko harrera ona ikusita, 2022-2023 ikasturte berriari begira beste talde bat sortu zen, Noka taldea. Izan ere, “gizonezkoei zuzentzeko Hika eredua kili-kolo dabil, eta andrazkoei zuzentzeko Noka kinka larrian dago”, Udal ordezkarien esanetan, Momentuz, “talde bat hasi da euskararen ondare hori lantzen” eta aste birik behin elkartzen den taldea kide berrien zain dago “taldea handitzeko”.
Hitanoa landu nahi dutenek, Udalaren Euskara zerbitzuan (euskara@amorebieta.eus) eskatu dezakete informazioa.