Andres Espinosa mendizale zornotzarraren omenez urtero egiten den martxak emango dio hasiera urriaren 14an ‘Ibiliaz ezagutu’ programari. Lehenengo irteerarako bi ibilbide prestatu dira eta udazkeneko ekimena beste hiru ibilbiderekin osatuko da.
Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako ibilaldiekin kirola egiteaz gain, natura eta ondare ingurunea ezagutzeko aukera ematen du, eta prestatutako lau ibilbideak euskaraz gidatuta egongo dira.
‘Ibiliaz ezagutu’ren programazioaren lehen etapan PR BI-74 bidea egingo da. Espinosaren omenezko ibilaldia urriaren 1ean zen egitekoa, baina azken orduko aldaketengatik atzeratu egin behar zen. Horregatik, Udalak barkamena eskatu die parte hartzeko interesa izan eta bertaratu ziren guztiei.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek bi ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute. Andrés Espinosaren izena duen 22,6 kilometroko ibilbidea egin nahi dutenek 08:00etan irtengo dira Jauregibarria parketik. Familiartean eta etxeko txikiekin egiteko ibilbide laburrak berriz, 6 kilometroko ibilbidea beteko du eta 10:00etan irtengo da Jauregibarria parketik.
Irteeran parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman beharko dute izena urriaren 10a arte, www.amorebieta-etxano.eus webguneko ‘Izen emateak’ atalean.
Hiru ibilbide
Udazkeneko ‘Ibiliaz ezagutu’ programa urriaren 21 eta 28an eta azaroaren 4an egingo diren ibilaldiekin osatuko da. Guztiak goizeko 08:00etan hasiko dira eta Nafarroa aparkalekua izango da abiapuntua, bertatik irtengo baita Amorebieta-Etxanoko Udalak jarritako autobus zerbitzua.
Urriaren 21ean egingo den bigarren martxa Dimatik abiatuko da. Ibilbideak 15 kilometro izango ditu, eta Durangaldeko hiriburura helduko da, inguruan dituen kareharrizko mendien artean ibili ondoren.
Hirugarren martxa urriaren 28an izango da eta Durangon irten eta bertan amaituko den ibilbideak 11,5 kilometro izango ditu. Azaroaren 4rako iragarritako azken irteerak Durangotik Elorriorako bidea egingo du, 15 kilometro osotuz.
Hiru ibilbide hauetakoren batean parte hartu nahi dutenek Zelaieta Zentroan eman behar dute izena, irteera bakoitza baino bi egun lehenago gutxienez, plaza kopurua mugatua baita. Era berean, Udalak gogorarazi du martxa horietan parte hartzeko beharrezkoa dela Ametx txartela, Zelaieta Zentroan bertan eska daitekeena.
Koldo Bilbao Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotziak gogoratu du, oro har, jarduera fisikoa egitearen onurak handiagoak direla honek sor ditzakeen arriskuak baino: “horregatik animatzen ditugu zornotzarrak zailtasun ertaineko irteera hauetan parte hartzera. Ariketa egiten duen herritarrarentzat garrantzitsua da jakitea bere egunerokoan arriskurik ez duten jarduerak barneratu ditzaketela; segurtasuna bermatzeko helburuarekin, beharrezko diren neurriak hartzen ikasiko du. Udaletik proposatzen ditugun ibilbide hauek aproposak dira gure ingurunea ezagutzeko eta bide batez, kirola egiteko”.
Mendizaletasunaren aitzindari
Andrés Espinosa euskal mendizaletasunaren aitzindarietako bat izan zen. 1903an Amorebietan jaioa, gaztetatik erakutsi zuen mendiekiko maitasuna bere inguruko gailurretan. Ondoren, penintsulako mendikate handiei egin zien aurre, eta Urriellu tontorra (1928) bakarrik eta sokarik gabe eskalatu zuen lehen pertsona izan zen. Geroztik, igoerak konpainiarik gabe egiteak egin zuen ezberdin.
1929an Mont Blanc eta Cervino mendiak igo zituen, eta Matterhorn mendia aurretik beste mendizale batzuek eskalatua izan bazen ere, Espinosa aurrenekoa izan zen sokarik gabe igotzen.
Igoera hauen ondoren, bere bizitzari bira eman zion eta, 1930ean bere aitarengandik jasotako ehun-negozioa saldu egin zuen, munduan zehar bidaiatzeari ekiteko: Egipto, Arabia, Afrika (Kilimanjaro igo zuen bertan), Maroko…
Baliabide ekonomikorik ez izateak eta ondoren eztanda egin zuen Gerra Zibilak, bere bizitzaren norabidea aldatzera eraman zuen Espinosa. Bere proiektu handiak behin betiko alboratu behar izan zituen, eta inguruko mendietan ikusi ohi zuten, mendizale anonimo gisa. 1985ean hil zen, bizitza osoan omenaldi edo errekonozimendu publikoei uko egin eta gero.