Ezohiko formatuan eta Euskal Herriko musikari eta artistekin bada ere, gaur bertan hasiko da Elorrion 2020ko Musikaire jaialdia. San Rokeko aparkalekuan izango den lehenengo ekitaldiko protagonista Andrzej Olejniczak Young Power 6tet izango da.
Olejniczak saxo jole beteranoaren alboan Musikenen ikasitako musikari gazteak arituko dira: Eolo Andino saxo altua, Adrián Martínez tronboi jolea, Jorge Fernández pianista, Juan Manuel Domínguez kontrabaxu jolea eta Ander Alonso baterista, hain zuzen.
Eskainiko duten errepertorioa Olejniczakek eta taldeko beste musikariek taldearentzat propio sortutako doinuekin zein Ron Carterrek, Freddie Hubbartek eta beste musikari batzuk egindakoekin osatzen da.
Gari, Montxo eta Joselontxo
Hasierako edizioetan eskaintzen zuen eskema berreskuratuko du aurten Musikairek, umeei eta familia osoari zuzendutako ikuskizunak antolatu baitira domeka arratsaldetarako. Lehenengo ekitaldia bihar bertan izango da, hau ere San Rokeko aparkalekuan, arratsaldeko 19:30ean hasita.
Agertokian azalduko diren Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek eskainiko duten ‘Petitxou’ ikuskizunean bidai luzeetatik etorri berriak direla eta beraien ikuskizun handia eskaintzeko prest daudela erakutsiko dute. Baina emanaldia egiteko oraindik iritsi ez diren maletak eta kutxak behar dituzte…