
Basatzan 2019-Agelman Iurretako III. Mendi Bizikleta Martxa izenburuarekin ospatuko da datorren zapatuan Zaldai Mendi Taldeak antolatutako proba, III. Mendi Astearen egitarauaren barruan. Prestatutako ekimen hori zein gainontzeko guztiak, Zaldai Mendi Taldearen 10. urteurrena ospatzeko balioko dute.
Bizikleta martxa horretan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea eta inskripzioengandik jasotzen den diru guztia Angelman sindromearen elkartera bideratuko da. Izena emateak 8 euro balio ditu abenduaren 12a orduko www.kirolprobak.com web orrian eginez gero, eta egunean bertan izena ematen dutenek 12 euro ordainduko dituzte.
Askondoko Aterpetik goizeko 10:00etan abiatuko den martxa “Amatza, San Juan, Santa Katalina, Guardetxea, Maumeko portalea eta Laixiar bezalako tokietatik eta Gallanda eta Azkorra mendi tontorretatik gertu pasako da”, antolatzaileen esanetan. Ibilbideak 25 kilometro ditu guztira eta 1000 metrotik gorako desnibel positiboa.
Egun berean, baina arratsaldeko 18:00etan, Askondoko aterpetik abiatuko da Gallandako tontorrera egingo den Mendi Irteera. Partaideak frontalekin joango dira eta umeek egiteko moduko ibilbidea izango da. Ibilaldiak Iurretako plaza eta Goiuria zeharkatuko ditu Gallandara heldu aurretik. Tontorrean Zaldai Mendi Taldeko 10. urteurrena ospatuko dute ’10 urte hamaika argi’ goiburuarekin.
Juanjo San Sebastián
Zaldairen III. Mendi Astea eguaztenean hasiko da Juanjo San Sebastiánen ‘El viaje’ ikus-entzunezkoarekin eta jarraian mendizale bilbotarrak eskainiko duen hitzaldiarekin. Goiuria Kultur Gunean izango da ekitaldia, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
Leku eta ordu berean baina eguenean, ‘Ibilki: Mendizaletasuna eta inklusio soziala’ hitzaldia eskainiko dute Christian Rodríguez eta Asier Mentxakak. Berbaldian, Irabazi Asmorik Gabeko Erakunde horrek etorkinekin, bazterketa egoeran daudenekin edo desgaitasuna duten pertsonekin egiten duten lanaren berri emango dute.
2019 Zaldai Mendi Erronka Jaialdia ospatuko dute barikuan Askondoko aterpean, iluntzeko 19:00etan hasita. Ekitaldi horretan omenaldia eta sariak jasoko dituzte erronka burutu duten mendizale guztiek. Gainera Zaldai Mendi Argazki lehiaketako sari ematea ere egingo da.
Edizio honetako egitaraua umeentzat prestatutako agerraldiarekin osotuko da, domeka eguerdian ‘Apaxi mendian’ txotxongiloekin lagundutako ipuin kontalaria egongo baita Askondoko aterpean.