Atzo hasitako aniztasunaren Durangoko Azokak, orekagabeko hasiera izan zuen, goizean izandako jendetza arratsaldean desagertu zelako, aukera paregabea eskainiz Landakon ipinitako erakusmahaietakoa lasaitasunez ikusteko eta aztertzeko. Gaur berriz, jendetza ibili da han-hemenka goizeko lehenengo orduetatik.
53. edizioaren ateak ireki eta lasterrera Landakon jarritako erakusmahaiak Euskal Herria osotik gerturatutako ikasleekin bete ziren. Gazteek egindako erosketak diskoetan nabarmendu ziren gehien bat, nahiz eta libururen bat edo beste ere erosi zuten. Hainbat gaztetxo zintzo-zintzo ibili zen irakasleek agindutako lanak betetzen eta beste hainbatek Azokako zazpi gunetan eskainitako tailerretan parte hartu zuen.
Ikasle Eguna izateaz gain, DAren lehenengo eguna Inaugurazio ekitaldiaren eguna ere bada. Bertaratutako agintariek eta antolatzaileek Azokak duen garrantzia nabarmentzeaz gain, “euskararekiko jarrera aktiboa” izateko gonbitea egin zuen Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak. Durangoko Azoka “bizitzeko modu asko daudela” adierazteaz gain, Euskaltzaindiaren mendeurrena betetzen dela eta euskara batuaren 50. urteurrena gogoratu zituen eta azken ekimen horrek “Gerediagaren babesa” izan zuela aipatu zuen Mujikak.
“Jaialdirik bikainena”
Durangoko Azoka “gaur euskal kulturak duen jaialdirik bikainena bihurtu da” eta kulturaren zeregin nagusia “ongizatea sortzea” dela azpimarratu zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Hala ere, bere berbaldian Euskal Herriko kulturaren mapa izan zuen mintzagai eta “anitz izen dituen euskal kultuaren mapa hori txikia” dela adierazi ondoren, “erabiltzaileen komunitatea osatzen dugun gizon-emakumeak ez gara milioira iristen; estu hartuz gero igual erdira ere ez”, aitortu zuen.
Durangoko Azokaren eta amaitu berri den Euskaraldiaren garrantzia bateratu zituen Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, horrelako ekimenak “argi erakusten digute denok garela beharrezkoak gure kultura bizitzeko, biziberritzeko eta biziarazteko”.
Durango eta herriko azpiegiturak prest daudela egun hauetan hurreratuko diren “euskaltzale guztiendako”, adierazi zuen Aitziber Irigoras alkateak. “Eta durangarrak ere prest dagoz noski, domekara bitartean etorriko diren pertsona guztiak gurean hartzeko”.
Irekiera saioa aurtengo kartela diseinatu duen Txakur Gorria sormen kolektiboaren ‘Digara’ ikuskizunarekin osatu zen. Taldeko lau neskak argi utzi zuten aurtengo leloa den ‘DA. Asko dira!’, esanahi anitz dituela eta hasien jarritako ‘Asko dira’ren ordez, ‘Asko gara’ aldarrikatu zuten.
Sormen beka rol joko bati
Gaur goizean lehenengoz deitutako Sormen bekaren irabazlea eman da ezagutzera eta irabazlea Etzi Portu Maritimoa taldeak aurkeztutako ‘ATOPIArpg’ proposamena izan da. Guztira 28 ideia aurkeztu dira eta epaimahaiak “rol joko bat euskaraz, literatura fantastikoaren eta jolas kolektiboaren gurutze-bidean” dagoen egitasmoa aukeratu du.
Zortzi kideek aurkeztutako proposamena datorren urteko Durangoko Azokan aurkeztu behar da eta horretarako 15.000 euroko beka izango dute.
Etzi Portu Maritimoa taldeko kideen esanetan “gabezia batetik abiatutako proiektua da honakoa, euskarazko rol-jokoetan dagoen hutsunea betetzera datorrena”. Proiektuak “euskaraz sortu eta argitaratutako lehen rol jokoaren liburua” izango bada ere, “adierazpide ezberdinak lantzen saiatzen ari gara, blog, sare sozial eta irrati bidez euskarazko rol jokoen posibilitateak aztertzeko” sortzaileen arabera.
Eguen honetarako prestatutako egitarauak proposamen ugari eta erakargarriak iragartzen ditu. Esate baterako, Gogoetaren plazan, eguerdian, Benito Lertxundirekin solasaldia izango da; Ahotsenean hainbat zuzeneko kontzertu eta argitalpenen aurkezpen egongo da, Harkaitz Cano edo Jakoba Errekondorenak tarteko; Szenatokian ‘Txarriboda’ ikuskizuna taularatuko da eta egunari amaiera emateko kontzertua eskainiko du Plateruenan Esne Beltza taldeak.