
Elorrioko Musikaire jaialdiak azken aurreko asteburuko programazioari ekingo dio gaur bertan Yllana eta Primital Bros. konpainiek elkarlanean ekoiztutako ‘The Primitals’ antzezlanarekin. Plazako agertokian 22:30etatik aurrera ikusgai jarriko duten proposamen dibertigarriak harri eta zur utziko ditu ikusleak, abesti entzutetsuen bertsio bereziak tartekatuz.
‘The Primitals’ tribu zertxobait disfuntzional baten historia bitxi bezain surrealista da, barne-gatazkak, handitasun-nahiak, desoreka mentalak eta milaka urteko farmakopea dituen tribuaren historia. Xamanismoa lau ahotsetara, tragikomedia a capela eta antzinako abangoardismoa.
Lurra izan daitekeen planeta bateko lau aborigenek ikusleak konkistatzeko prest agertzen dira; espazioan eta denboran egindako bidaietan xurgatu dituzten hamaika generotako musikaz blai.
Soula, jazza edo afrobeata
Kanadatik gerturatutako The Souljazz Orchestra igoko da bihar plazako agertokira, soula, jazza edo afrobeata uztartzen dituen ‘Under Burning Skies’ lana eskaintzeko. 15 urteren ondoren jatorrizko formazioari eusten dion talde honek, hasiera freskotasuna eta horren sekretua Ray Murray saxofonistaren hitzetan aurkitu daiteke: “Souljazz talde bat baino gehiago da guretzat, gure bizimodua da”.
The Souljazz Orchestraren zuzeneko berriak taldearen mugak esploratzen jarraitzen du, aurrenekoz baliatuz vintage sintetizadoreak eta 80ko erritmo-kutxak, eta haize-instrumentuen moldaketei eta soinu lurkarari taldearen bereizgarriari, lo-fi, boogie eta elektro disko-ukituak erantsita.
Mikroantzerkia
Hiru antzezlan labur jarriko dira ikusgai domekan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Casa Jara jauregian. El mono habitado konpainiako Begoña Martin eta Carmen San Esteban antzezleek eskainiko duten ‘Benditas’ piezaren abiapuntua, bi artzain neskari, ustez, gertatutako Andra Mariaren agerpena izango da.
Anodino Teatroko Mikel Losada eta Aitor Fernandinok eszenaratuko duten ‘El Gato de Schrodinger’ lanak, fisika kuantikako enigmak argitzen aritzen diren bi kristal garbitzaileen nondiko norakoak islatzen ditu.
Ekitaldiari amaiera emango dioten La Farandula taldeko Mila Espiga eta Iñigo Gastesik ‘Tribulaciones de un gigoló’ eskainiko dute. Ekitaldian galdera bati erantzuten ahaleginduko dira: “Gure fantasia sexualak egi bihurtuko balira, arriskuan egongo al ginateke?”.