Zazpi obra aurkeztuko dituzte Iurretako Ibarretxe kultur etxeko aretoan gaur hasi eta maiatzera bitartean, horietako lau helduentzako eta hiru haurrentzako. Edizio honetan genero ikuspegia landu nahi izan dute.
Glu-glu konpainaren ‘Pinotxo’ antzezlanarekin emango zaio hasiera Iurretako bosgarren Antzerkia bultzatuz edizioari. Anderebiderekin elkarlanean antolatzen den jaialdia denez, berebiziko garrantzia eman nahi izan zaio genero ikuspegiari. Horretarako, ‘Sex o no Sex’ klown ikuskizuna edo ‘Futbolariak eta Printzesak’ bezalako antzezlanak plazaratuko dituzte.
Horretaz gain, aurtengo edizioan antzerki komikoez aparte antzerki “serioagoei” egin nahi zaie lekua, Pili Jimenez Ibarretxe kultur etxeko arduradunak azaldu duenez. Horien artean, ‘Fríos y Calidos’ eta ‘Idiota’ antzezlanak nabarmendu ditu Jimenezek.
Behin jaialdi hau amaituta, hamarkada bat baino gehiago martxan daraman Kalez Kale kale antzerki emanaldiei emango zaie hasiera ekainaren erdialdean hasita. Bi jaialdi hauek batuz, hilean behin kalitatezko antzerkiarekin gozatzeko aukera izango dute iurretarrek.
Doan, baina gonbidapenarekin
Iurretako Udalak 15.000 euroko aurrekontua erabiliko du honetarako eta saio guztietarako sarrera doakoa izango da. Hala ere, aforoa dagoenez, gonbidapena hartzea ezinbestekoa izango da, obra bakoitza baino astebete bat lehenago egongo dira eskuragarri.