Abadiñoko Udalak kultur eta aisialdi ekitaldiak prestatu ditu datorren martitzenean ospatzen den LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Antolatutako saioekin, LGBTIQ+ kolektiboaren ikusgaitasun soziala eta publikoa ikusarazi eta sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik diskriminazioa desagerraraztea sustatu nahi dute.
Harrotasunaren Eguna ospatzen den martitzenerako, 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzako graffiti-tailerra programatu da. Ekitaldia Traña-Matienako Galizia plazan egingo da 10:00etatik 13:00etara eta parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik Mediatekan, Errota Kultur Etxean edo udalaren webgunean (Zerbitzuak – Gazteria – Gazte Uda).
Sorkuntza proposamena LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko Nazioarteko Egunak sustatzen dituen koloreen eta berdintasun- eta aniztasun-balioen ingurukoa izango da.
Manifestazioa
Arratsaldeko 19:00etan, Mugimendu Feministak antolatutako manifestazioa egongo da Traña-Matienan, aldarriei ikusgaitasuna emateko eta sexu-askapenaren inguruan sentsibilizatzeko.
Eguenean, narrazioa, antzerkia eta bertsoak batzen dituen ‘eRRe’ ikuskizuna eskainiko dute Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Euzkitze eta Ohiana Aranak, 19:00etatik aurrera Trañabarren plazan. Edurne Azkaratek zuzendurako ikuskizunak genero-ikuspegia hartzen du ardatz, “LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma” izango dute aztergai.
Yogurinha Borova
Proposamen horren ondoren, 21:00etan, Yogurinha Borovaren ikuskizuna egongo da Zarrako aparkalekuan.
Abadiñoko Udaleko Berdintasun eta Aniztasun zinegotzia Rosa Miguelen esanetan, “aurrera jarraitu behar dugu gizarte integratzaileagoa, ekitatiboagoa eta sexu-, genero- eta orientazio-aniztasunarekiko solidarioagoa eraikitzen, eta sexualitatea bizitzeko eta generoa adierazteko modu guztiak erabat aitortu eta errespetatu behar ditugu”. Hori dela eta, “garrantzitsua iruditzen zaigu gazteenekin lan egitea, sakoneko lana da, baina gizarte bidezkoagoaren alde egin behar dugu, gura dugun gizartearen alde”.
Egun hauetan, Abadiñoko udal eraikinek sexu aniztasunaren aldeko pankartak izango dituzte.