
Antzerkia, musika eta dantza eskainiko ditu asteburuan Musikaire jaialdiak. Elorrioko plazan izango diren ekitaldiak Suripanta konpainiak antzeztuko duen ‘Los Pelópidas’ komediarekin hasiko dira bihar; Mahotella Queens taldearen mbaqanga deritzon ahots-armoniak entzungo dira etzi eta dantza garaikideko lau pieza izango dira ikusgai domekan.
Suripanta konpainiak gaueko 22:30ean eszenaratuko duen ‘Los Pelópidas’ komedia, tragedia grekoaren karikatura da, genero parodiko eta bertsotan jarritakoaren ereduetatik edaten duena. Jorge Llópis idazleak drama greko tristagarri eta mingarriak iraultzen ditu eta bere obraren komikotasuna hitz-jokoetan, burutazioetan eta bere egitura dramatikoaren asmamenean datza.
Esteve Ferreren zuzendaritzapean iazko Meridako Nazioarteko Antzerki Klasikoko Jaialdian estreinatutako antzezlanean azaltzen diren zortzi antzezleek, satira desmitifikatzaile, alai, ironiko, barregarri eta zoragarriki zentzugabea eskaintzen dute.
Hegoafrikako tradizioa
Hegoafrikako Mahotella Queens hirukotearen abestiak berriz, ahozko musika-tradizioetan eta erritmoetan oinarritzen dira, taldeak mbaqanga deritzon ahots-armonia eta mgqashiyo estiloa lantzen baititu. Zapatuan, 22:30etatik aurrera izango den agerraldian, abesti liluragarrien berotasuna, Hegoafrikako eta inportatutako hainbat estiloren nahasketa baliatuko dute aparteko soinua sortzeko.
Gaur egungo taldea sortzaileetako bik, Hilda Tloubatlak eta Nobesuthu Mbaduk, eta 2013an batu zitzaien Amanda “Ntunja” Nkosik osatzen dute.
Dantza garaikideko lau pieza labur plazaratuko dituzte domekan, arratsaldeko 19:00etan hasita, Brodas Bros, Amaia Elizaran, Ertza eta ekainean hiru Max sari eskuratu zituen Kukai konpainiak.
Kukai & Brodas Bros-ek eskainiko duten ‘Topa’ piezak jatorri artistiko ezberdineko lau dantzari biltzen ditu, talde bizi eta energiko bat osatuz. Amaia Elizaranen ‘non contact’ teknikaz baliatutako ‘Raw’ lanak berriz, pertsona bat bestearen menpe dagoen unea hartzen du abiapuntu.
Ertza konpainiaren ‘Meeting point’ pieza, break danceaz eta hip-hopaz baliatzen da bi pertsonen bizitza-labirintoetako bideak gurutzatzen diren unea islatzeko. Kukai taldearen ‘Gernika’ lanak azkenik, Gernika herrian eta Guernica koadroan oinarritutako koreografia hartzen ditu abiapuntu.