Ofizialki astelehenean hasiko diren Mañariko jaiek, atariko ederra izango dute gaur iluntzean, rock kontzertua eskainiko baitute Añube talde gipuzkoarrak eta Ezta Ilen hirukote zaldibartarrak.
Datorren astelehenetik eguaztenera burutuko diren ospakizunak girotzen hasteko prestatu den kontzertua, elkarlanean antolatu dute jai batzordeak eta “Mañarian sortu berri den Kafraga Elkarteak”, Ainara Otxotorena herriko alkateak azpimarratu duenez.
Gaurko ekitaldia ez da izango jaietako berrikuntza bakarra. Izan ere, astelehen eguerdian izango diren Pitxitxiren igoerarekin eta Kafragako kideak piztuko duten txupinazoarekin batera, “kanpai jotzea berreskuratuko da”, Otxotorenaren esanetan. “Iaz, elizako kanpai dorrera igotzeko eskaileren egoera txarra zela eta ezin izan zen gauzatu”, gogoratu du alkateak.
Delirium Tremes eta Los Zopilotes Txirriaos
Herri-bazkariarekin eta horren ostean izango diren igel eta mus txapelketekin beteko dira Andra Mari jaien lehen orduak. Arratsaldean haurrentzako prestatutako play mai tailerra eta gazte olinpiadak egongo dira. 22:30etik aurrera Delirium Tremes eta Los Zopilotes Txirriaos taldeek eskainiko dituzten agerraldiek eta Dj Pitxitxiren ekitaldiak osatuko dute lehen eguneko egitaraua.
Mañaritik Durangora itzuli nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute goizaldeko 4:00etatik 6:00etara.
Andra Mari eguneko ospakizunak hasi aurretik plaza eta inguruen garbiketari ekingo diote 7:00etatik aurrera. 10:00etan txistularien kalejira egongo da, ordu bete geroago Kirikiño abesbatzak lagundutako meza emango da eta ostean dantzarien ekitaldia hasiko da.
Retegi II.a eta Ladis Galarza
Eguerdian pilota partiduak egongo dira. Lehenengoan, lau t’erdian, Etxebarria II.a eta Elizalde izango dira aurrez-aurre, eta bigarrenean Retegi II.ak eta Bernaolak indarrak neurtuko dituzte Victor eta Ladis Galarzarekin.
Egunean zehar, kart pista, perkusio tailerra eta karabina jaurtiketa izango dira umeentzat, eta 19:00etan ‘Freshcool’ ikuskizuna eskainiko dute Tio Teronen Semeak. Iluntzeko txistorradarekin eta Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldearen saioarekin osotuko dira eguneko ekitaldiak.
Eguaztenean ospatuko den mozorro eguneko gaia musika izango da. 11:00etako meza eta osteko dantzarien saioaren ondoren, paella lehiaketa hasiko da. Arratsaldean briska txapelketa jokatuko da, Orkresta elektrotunaren saioa egongo da eta 22:00etan agurra emango diote Pitxitxi maskotari, jaietako azken orduak Dj Gaztotxok girotuko dituela.