
Atxondoko Apatamonasterioko jaiak ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitartean ospatuko badira ere, egitaraua domeka honetan, hilak 25, hasiko da, 9:00etan plazatik irtengo den mendi martxarekin eta Axpen egingo den luntxarekin.
Jaiak 28an hasiko dira, eguerdian herriko nagusiek izango duten hamaiketakoarekin. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, txopo txikia apainduko dute Gaztetxean eta ordu bete geroago kalejira abiatuko da Irubidetik, trikitilariek lagunduta.
Ondoren, txopoa altxatuko dute, pregoia irakurriko da eta Atxondoko talogileak prestatutako taloak dastatzeko aukera egongo da. Eguna borobiltzeko, akustikoan jotako bertsioak eskainiko dituzte Sala eta Garazik.
Bakailao eta patata tortila txapelketak
Egueneko egitaraua, 10:00etan txistulariek eskainiko duten kalejirarekin abiatuko da. Arratsaldean, Andasto dantza taldearen saioa egongo da, ondoren, pintxo-potea egingo dute txosnan, eta Xala-Azanza eta Olazabal-Apezetxea bikoteen arteko pilota partidarekin osatuko dira eguneko ekitaldiak.
Panpotxek, makillajea, ile-apainketa eta jolasak antolatuko ditu umeentzat barikuan, 17:30etatik aurrera, eta 20:00etatik aurrera bakailao eta patata tortila txapelketak hasiko dira eta ondoren, herri-afaria egingo dute. Laiotzek girotuko duen erromeriarekin osotuko da eguna.
Zintzilik emozioen laborategiak umeentzat prestatutako tirolinak, sareak eta eskalada elementuek emango diote hasiera, 11:30ean, zapatuan ospatuko den Mozorro eguneko egitarauari. Eguerdian, koadrilen arteko paella eta rana txapelketak jokatuko dira eta bazkalostean mus txapelketa hasiko da. Distopia elektrotxarangaren ekitaldiak eta Añube eta Iskanbila taldeen kontzertuek amaituko da eguna.
Aurtengo jaiak domekan amaituko dira eta egun horretako egitaraua 11:00etatik aurrera egingo den Artisau eta nekazari azokarekin abiatuko da. Arratsaldean, Naita produkzioak eskainitako Kontukontzertua egongo da, eta ondoren egingo diren txopoa botatzea eta txokolate janak emango die amaiera ospakizunei.