
Apatamonasterioko erdigunea itxuraldatzeko lanak hasi ditu astean Atxondo Udalak eta bi asteren ondoren, frontoi aurrean dagoen Foruen plaza, Euskal Herria kalearen hasiera eta udaletxe azpiko gunea berrituta egongo dira.
Udalak hasitako lanek inguru horretan dauden desnibel desberdinak kendu eta inguru osoa maila berean jartzea ahalbidetuko dute. Lan horrek egitea herritarrek lehenetsi zituzten Kale Irekiak ekimenaren baitan, inguru horretan dauden irisgarritasun arazoak behin betiko amaitzeko eta oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin.
Gune horretako arazo nagusienetako bat trafikoa da eta bertan dabilen kotxeen %70a aparkalekua bilatzen ari da. Hori dela eta, Taberna Txikitik bidegurutzeraino doan errepide zatia itxita egongo da autoentzat arratsaldetan zein asteburuetan eta bertako aparkalekuetara joan nahi duten gidariek Penalty taberna aurretik izango dute sarrera zein irteera.
Apatamonasterioko erdigunean egingo diren eraisketa, asfaltatze, margotze eta hiri-altzariak ipintzeak 38.500 euroko aurrekontua du.