Iurretako Zaldai Mendi Taldeak apirilaren 29an egingo du V. Basatzan Mendi Bizikleta Martxa. Ekimena, hasieran, urtarrilaren 28rako iragarrita zegoen, baina bertan behera gelditu zen abisu horia zela eta. Hitzordu berriak hasieran prestatutako ibilbideari eusten dio.
Antolatzaileek 25 kilometro eta 1000 metroko gainbehera positibo duen ibilbidea prestatu dute. Partaideek Aita San Migel plazatik abiatuko dira goizeko 10:00etan, eta ondoren, Amatza, San Juan, Santa Katalina, Guardetxea, Maumeko portalea eta Laixiar bezalako tokietatik eta Gallanda eta Azkorra mendi tontorretatik gertu pasako dira.
Angelman elkartea
Ekimenean parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea www.kirolprobak.com web orrian apirilaren 27a orduko eta 10 euro ordaindu. Lehenengo 150ek kamiseta bat eskuratuko dute. Martxa egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, 12 euro ordainduta. Inskripzioekin jasotako diru guztia Angelman elkartera bideratuko da.
Irteera eman aurretik kafea eta pastak hartzeko aukera egongo da; ibilbidean zehar hornidura gune solido eta likidoa egongo da Laixiarren; eta amaieran luntxa egongo da Aita San Migel plazan.