Abadiñoko adineko hainbat pertsonek ariketa-makinak erabiltzen ikasi dute gaur. Ekimena “Abadiño Lagunkoia taldeak Udalaren laguntzarekin bultzatu du”, Javier Crespo alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotziak esan duenez.
Ekimenean parte hartu duten adinekoek, Abadiño Lagunkoia taldeak San Trokazen duen zentrotik abiatu dira ibilaldi bat egiteko asmoarekin. Parte-hartzaileak Gaztañodi parke biosasungarrira heldu direnean, bertan jarritako makinen erabilera erakutsi die Mugiment zerbitzuko teknikari batek eta euren osasunarentzat onuragarrienak diren ariketak ezagutzeko aukera izan dute.
Gaur egindako jarduera eguaztenean errepikatuko da Matienan, 11:00etan hasita. Ibilaldia Matienako Jubilatuen Egoitzatik abiatuko da eta Errota Kultur Etxearen ondoan dagoen parke biosasungarrian amaituko da. Crespok dei egin die herriko adineko guztiei parte har dezaten ekimen horretan, “sedentarismoari aurre egiteko eta bizi-ohitura osasungarriak hartzeko”.