
Bihartik hasita eta domekara arte Zornotzako Berna auzoko jaiak ospatuko dira. Hiru jai egun hauetan zehar erromeriak, briska txapelketa eta dantzak antolatu dira. Ekintza gehienak zapatu eta domekarako antolatu dituzte.
Bihar arratsaldeko 20.00etan, Donien Atxa altxatuko da txapligu eta kanpai hotzez Bernako jaiei hasiera emateko. Zapatuko eguna 12.30etan mezarekin hasiko da, ondoren Ariñ Ariñ dantza taldearen erakustaldia izango da eta saltxitxa jana eta triki poteoa.
Arratsalderako, 20.00etan auzo afaria antolatu dute. Eguna bukatzeko Ariñ Ariñ dantza taldearen ‘Ilusiñoz Beterik’ ikuskizuna antolatu dute.10 urte dantza taldea ez duela gabaz erakustaldia egiten, eta aurten berreskuratzea pentsatu dute. “Urteak ez dugula gaueko ikuskizuna egiten, eta erabaki dugu berriro egitea”, azaldu zuen Jone Zuazok, Ariñ Ariñ dantza taldeko kideak.
50 minutu inguruko saio honetan 28 dantzarik hartuko dute parte, 15 ume eta 13 nagusi, eta “hiru lurraldeetako dantzak egingo ditugu montaje desberdinekin”, azaldu zuen Zuazok. Ondoren Obaneuke taldearen eskutik erromeria izango da.
Triki poteo eta auzo-bazkaria
Domekan, ospakizun erlijiosoa 12.30etan izango da eta eguerdirako, triki poteoa eta gero, auzo-bazkaria antolatu dute. Arratsaldean briska txapelketa izango da eta lau sari banatuko dira, 70 eta 20 euro bitartekoak.
Auzoko jaiei bukaera emateko Mirari, Aitziber eta Lutxurdioren erromeria izango da, gauerdian, bukatzeko, txokolatada izango da.