Zaldibarko Udaleko Euskara Zerbitzuak nekazaritzari eta abeltzaintzari balioa ematen dion ‘Bideak’ dokumentala eskainiko du domekan, arratsaldeko 18:30ean. Emanaldia Liburutegi Zaharrean izango da.
‘Bideak’ ikus-entzunezkoa ETB1eko Biba zuek! saioan azaltzen den Aritz Ganboa artzain nafarraren ideia apal batetik sortutako proiektua da. Egitasmo honek, besteak beste, nekazaritza eta abeltzaintza balioetsi eta artzaintza eta honi lotutako ondare ekologikoa, kulturala zein historikoa balioan jarri nahi ditu.
Dokumentalak Sakanako Arruazu eta Erronkariko Izaba elkartzeko egindako mendi-korrikaldia islatzen du. Nafarroako bi herriak Ganboaren arbasoen sorterriak dira eta erronka horren aitzakia motxilan daraman gazta bat izango da.
Sarrerak aldez aurretik jaso beharko dira Udal Liburutegian.