
Gerediaga elkartearen 50. urteurrena dela eta hainbat ekitaldi prestatu dira datorren iganderako, ekainak 7, ‘Topa Gerediaga’ ospakizun jaiaren barne. Iragarritako saioen artean umeentzat prestatutako arkeologia tailerra eta helduentzat antolatutako ’Photowalk’ argazkigintza saioa izango dira.
Goizeko hamarretan abiatuko da Andra Mariko elizpean ‘Kameratik ondareari begira’ deituriko photowalka. Txelu Angoitiak koordinatuko duen saioan “Durangoko alde zaharreko ondarea ezagutu eta argazkiak ateratzeko tartea hartuko dute Durangaldean lehenengoz egingo den Photowalk ekimenean”, antolatzaileen esanetan.
Bi ordu eta erdi inguru iraungo duen proposamen berritzaile horretan parte hartzen duten argazkizaleek, elkar ezagutzeaz gain euren esperientziak trukatzeko aukera izango dute. Zaletasun berdina konpartitzen duten maila desberdinetako argazkilariek, Gerediagak duen helburuetariko bat bultzatuko balioko du; hain zuzen, ondareari zabalkundea ematea. Horregatik, photowalkaren ibilbidean bisitatuko dituzten lekuen ondarea ezagutzeko aukera izango dute.
Ekimenean parte hartu nahi duten guztiek eta “ibilbidean zehar ikusiko duten ondarearen gaineko informazioa eskuratu ahal izateko”, izena eman behar dute gerediaga@gerediaga.eus helbidean.
Arkeologia tailerra
‘Topa Gerediaga’ ekimenaren barne antolatutako bigarren hitzorduko protagonistak sei eta hamabi urte arteko umeak izango dira. Gerediagak Bilboko Arkeologia Museoaren laguntzarekin antolatutako “Arkeologoa egun batez” tailerrean, gazteek arkeologoen lana ezagutzeko aukera izango dute goizeko 10.30etik aurrera.
Ekimen honetan parte hartzen duten gaztetxoek arkeologoen lanaren garrantziaren berri izango dute eta, ustezko aztarnategi batean, zer lan egiten duten ikusi eta ikasiko dute.
“Arkeologoa egun batez” tailerrak Gerediagaren beste helburu bat bultzatuko du, ondarea zaintzearena alegia.