Atxondoko Arrazola elizatean zapatuan hasiko dituzte Andra Mari eta San Roke jaiak, eta eguneko ekitaldi nagusia Fito Skins eta Zutik taldeek 22:30etik aurrera eskainiko duten saioa izango da.
Eguneko egitaraua goizean abiatuko da, batez ere umeei inguruak ezagutarazteko prestatu duten ‘Arrazola ezagutuz’ ekimenarekin. Amaieran, Panarra okindegiak egindako ‘Felisuanuek’ dastatzeko aukera egongo da. Arratsaldean, berziklatze tailerra eta mus txapelketa egongo dira.
Domekako egitaraua 10:30ean emango den mezarekin abiatuko da. Eguerdian briska txapelketa jokatuko da eta jubilatuek luntxa izango dute.
Asteleheneko ekitaldiak 19:00etan abiatuko dira, talo-janarekin eta 21:00etan altxatuko diren txopo handia eta txikiarekin. Ondoren, ‘Ezkondu edo hil Arrazolan’ antzezlana ikusteko aukera egongo da, Trikizio taldeak girotuko du erromeria eta egunari amaiera emateko berakatz zopa eta txokolatea dastatzeko aukera izango da.
Ibarzabal, Illarregi eta Maia
Andra Mari eguneko ospakizunak mezarekin hasiko dira eta 13:00etan herriko dantzariek ekitaldia emango dute. 18:30ean pilota partidak egongo dira; lehenegoan, aurrez-aurre izango dira Leire Garai eta Amaia Aldai eta bigarrenean Mendizabal III eta Azkarraga-Urizarrek indarrak neurtuko dizute Etxaniz eta Uriondorekin. Ondoren, triki-bertso pintxo-pote egingo dute Nerea Ibarzabal, Joanes illarregi eta Jon Maiaren partaidetzarekin.
Eguaztenean ospatzen den San Roke eguneko ekitaldiak, santuaren baselizaren inguruan izango dira, 11:00etan emango den mezarekin abiatuta. Eguerdian, bazkaria egongo da bakoitzak bere maletan eramandakoarekin eta arratsaldeko 18:00etan Telmo, Lindo eta Judio astoen arteko proba egongo da. Aurtengo ekitaldiak Bide Batez taldearen erromeriarekin eta errifaren zozketarekin osatuko dira.