Berrio-Otxoa jaiaren inguruan ospatzen den Elorrioko Trikitilari Gazteen Txapelketa uztailaren 7an jokatuko da aurten, eta aurreko edizioak plazako frontoian iragartzen baziren ere, seigarren edizioa Arriola Antzokian jokatuko da, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Agertokian 20 urtez azpiko sei bikote lehiatuko badira ere, parte hartzaileen zerrendan zortzi bikote baino gehiago egonez gero, kanporaketa egingo da aldez aurretik, saio horretan fandangoa jo beharko dutela.
Lehiaketak maila bakarra izango du eta parte hartzen duen bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu: trikitixa, porrusalda eta gehienez hiru minutuko iraupena izango duen pot-pourria.
Bikote irabazleak 250 euro eta txapelak eskuratuko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 150 euro. Txapelketan parte hartzen duten gainerako bikoteek 80 euroko dieta izango dute.
Izen-ematea irekita
Epaimahaikideak piezen zailtasuna, bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta pandero jolearen lana baloratuko dute. Trikitilariek derrigorrez koplez lagundu beharko dute euren jarduna eta baserritar jantzita azaldu behar dira.
Txapelketan parte hartzeko izen-ematea ekainaren 27an amaitzen da, iturri@elorrio.eus helbide elektronikora idatziz, www.elorrio.eus webgunean izena emanez, 670400845 telefonora deituz edo datuak dituen kartazala bidaliz Iturri kultur etxera (Elizburu 18, 48230 Elorrio-Bizkaia). Bete behar duten fitxan bikotea osatzen duten partaideen izen-abizenak, NAN zenbakiak, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa jarri behar dira.