
“Jaizale” gisa definitzen da Marisa Barrena, eta ‘sanfaustoetan’ egiten diren ekitaldietara gerturatzen da, baina batez ere disfrazatzea gustatzen zaio, berarentzat mozorroaren eguna “itzela” delako.
-Oso desberdinak dira txikitan Zornotzan pasatzen zenituen jaiak eta orain Durangon egiten dituzunak?
-Txikitan bizi izan nituen jaiak eta oraingoak diferenteak dira. Orduko ilusioa, barraketan ibiltzea eta Revuelta saltzaileak ekartzen zituen kukurutxoak erostea zan. Su artifizialak eta tanborrada ere oso gustukoak nituen. Gaztetan, San Antonioetan etortzen ginen; lehenengo Urkiolara joan eta gero Durangon jai itzela egiten zan. Ekaineko sasoia oso polita izaten zen jaiak ospatzeko.
-Bi urtez ‘sanfaustorik’ ez egotea hutsune handia izan da zuretzat?
-Ni jaizalea naiz eta bai niretzat eta herritar guztiontzat, pena izan da jairik ez egotea. Baina aurten oso pozik nago. Gainera pregoilari izendatu naute Amparorekin batera eta niretzat ohorea da.
-Pregoilari izendatzea, egindako eta egiten jarraituko duzuen lana aitortzeko modu bat da?
-Aitorpen bat da eta eskertzen dut izendapena. Saritxo bat da urte guzti hauetan egin dugun lanagatik. Horrela sentitu dut.
-Zer da jaiegunetan gehien gustatzen zaizuna?
-Dantza, kantua eta jaietako saltsa. Lagunekin egotea, lagunekin bazkaltzea eta lagunekin parranda egitea, gorputzak aguantatzen duen arte. Gautxoria naiz betidanik, baina gauerako zaletasunean gorputzak agintzen du. Disfrazatzea asko gustatzen zait eta egun hori itzela izaten da niretzat. Gauza handirik prestatzen ez badut ere, peluka eta antiojuak ipini eta kalera irtetea gustatzen zait. Hori ez dut parkatzen.
-Beraz, mozorro eguna da gehien gustatzen zaizun eguna. Baina zein da gehien gustatzen zaizun ekitaldia?
-Niretzat oso berezia da dantza ekitaldia, eta lanean nengoenean ere ahalegintzen nintzen beharretik lehenago irteten bertan egoteko. Guk dantza parekidearen aldeko apustua egin genuen, eta 2015etik hona, Durangoko dantzariek egindakoa garrantzitsua da. Maitasun handiz bizi izaten dudan momentua da. Gero, programan begiratzen dut beste zereginekin bateragarriak diren gauzekin disfrutatzeko. Aurten, esaterako, begiratu beharko dut ia Zea Maysen kontzertua, esate baterako, bateragarria den nire alaba-ama-amama programarekin. Herria elkarteko partaidea naizen aldetik, asko gustatu zait aurtengo programa auzoetara ere zabaltzea.
-Jaietako programatik zerbait kenduko zenuke?
-Programa osoa ez dut ikusi, baina Jai Batzordeak lan handia egiten du dena ondo ateratzeko. Badakit zelako gogorra den antolaketa lana, eta miresten ditut antolatzaileak. Durangar guztien gustuak eta lehentasunak islatzea oso zaila da.