Berrizko Udalak antolatutako ‘Zapatuetan Berriz’ ekimenak edizio berriari ekingo dio asteburu honetan. Txanda bakoitzean gehienez 70 plaza egongo dira eta izena emateko epea etzi amaitzen da.
‘Zapatuetan Berriz’en helburua “aisialdian eta lagunekin euskararen erabilera modu ludiko eta dibertigarrian sustatzea da”, Udal arduradunen esanetan. Horrez gain, “ohiko lagun taldeetatik ‘ateratzea’ eta lagun berriak egitea” eragin nahi da.
Modu horretan, “parte-hartzaileei aisialdi hezitzailea eskaintzen zaie; integrazioa, parekidetasuna eta aukera-berdintasuna landuz”. Horrekin batera, “Berrizko ingurunea ezagutzea eta errespetatzea, kultura-aniztasuna sustatzea eta haurren garapen psikomotorra, kognitiboa, kritikoa, emozionala eta afektiboa bultzatzea” ahalbidetuko da.
Zapatu honetan abiatuko den edizioa, otsailaren 17an, martxoaren 2 eta 16an eta apirilaren 13an eta 27an burutuko da eta Topalekua eskolako patio estalia izango da. 16:00etatik 17:30era izango diren saioetan Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoak eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak parte hartuko dute, eta 18:00etatik 19:30era Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailakoak.
Txanda bakoitzean gehienez 70 plaza egongo direnez, beharrezkoa balitz, zozketa egingo litzateke. Egitarauko jarduerak, ordutegiak eta izena emateko formularioa Berrizko Udalaren webgunean daude eskuragarri. Izena emateko azken eguna etzi, otsailaren 2a, izango da.
Zalantzak argitu nahi dituztenek zapatuetanberriz@gmail.com e-mailera idatzi dezakete.