“Hiru urte luze” Astolako igerilekurik gabe egon ondoren, martxoan amaituko dira instalazioak berritzeko lanak, eta “denok gaude berriz ere erabiltzeko irrikitan”, Abadiñoko EH Bilduren esanetan.
Kirol instalazioa berriro irekitzen denean “kudeaketaren gainean” egoteko asmoa agertu dute alderdi subiranistako zinegotziek, “instalazioen eta zerbitzuen kontrol egokia” egiten dela ziurtatzeko.
EH Bilduko zinegotziek, obrako zuzendaritzarekin eta udal teknikariekin batera ikuskatu zituzten igerilekuan egiten ari diren lanak, berriztutako kirol gunea, sistema guztiak (galdarak, ponpak, hezetasuna kontrolatzeko mekanismoak…) martxan jarri ondoren irekiko baita.
Aldaketa nabarmenak
Bisita horretan ikusitakoaren arabera “igerilekuak aldaketa nabarmenak izango ditu aurrekoarekin alderatuta”. Izan ere, “askoz ilunagoa izango da, guztiz itxia izango da, eta gimnasiotik ez da igerilekua ikusiko”.
Gainera, “udaran lau ate izango ditu soilik, zelaitik barnera sartzeko” eta “estalki berriaren mantenua errazagoa” izango da. Energia kontsumo eraginkorragoa izango da, baina teilatua “ezin izango dira eguzki panelak jarri igerilekuak energiaz hornitzeko”.
Astolako igerilekuetan “gertatutakoaren ikerketan aurrerapausoak emateko egingo dugu lan, Abadiñoko herritarrentzako diru asko baitago jokoan”. Izan ere, diru publikoarekin ordaindu da “urte hauetako gainkostu guztiak, 3 milioi euro”, EH Bilduren arabera.
Nahiz eta Udalak ez zuen “behar den bezalako kontrolik eraman eta kontratua birritan prorrogatu” egin ziela zuela, “enpresa izan zen mantenu eta kudeaketa txarra egin zituena. Hortaz, enpresari kalteordainak eskatzeko bidea landu behar dugula, uste dugu”.