
Atxondoko Udalak taberna eta denda bat jartzeko asmoa agertu du Arrazolako eskola zaharreko eraikinean eta egitasmo hori gauzatzeko proiektua “urtea amaitu orduko” eskuan izatea espero du David Cobos alkateak.
Taberna eta denda eskola zaharreko eraikinaren beheko solairuan kokatuko dira, hala onartu baitzuten Udalak deitutako bilerara gerturatutako herritarrek. Egitasmoa, udaletxe zaharreko eraikinaren sotoan kokatuko den aterpetxearekin osatuko da eta bertan zazpi logela inguru jarriko dira.
“Aterpetxea jartzea ez da jarduera inportantea guretzat; beharrezkoa ikusten duguna taberna eta denda txiki bat izatea da”, Cobosen esanetan. Egitasmoa gauzatzeko beharrezkoa da behin betiko proiktua eskuan izatea “urtea amaitu orduko” eta aurrekontua jakitea. Dena dela, Udalak 100.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko du Cobosen ustetan.
Hurrengo urratsa proiektua Udaleko 2017ko aurrekontuan sartu ahal den aztertzea izango da eta lanak aurrera eramateko diru-laguntzak bilatzea. Hala ere, “proiektua aurreratzeko lan txikiren bat aurten bertan egin ahal dugun ikusi beharko dugu”.
Udalak aurrera eraman nahi duen proiektua Aiert Buruaga arkitektoak egin du. Buruagak bost proposamen aurkeztu zituen auzotarrekin egindako bileran, baina Udalak garatuko duenak lortu zuen herritarren onarpena.
Aurkeztutako beste lau proiektuek eskola zahar osoan eta udaletxe zaharreko sotoan egin ahal diren aukerak batzen zituzten. Hala ere, eskola zaharreko lehen solairuan dagoen ludoteka bere horretan mantentzea erabaki zuten auzotarrek.
Egin behar diren lanak egin ondoren, Udalak lehiaketa publikoa deituko du taberna eta aterpetxea kudeatzeko.
Zortzi urteko auzia
Eskola zaharreko beheko solairuko erabilgarritasuna aurten bertan berreskuratu du Atxondoko Udalak, zortzi urtez lokala erabiltzen zuen Anboto-pe elkarteko kideekin epaitegietan ibili ondoren.
Udala eta elkartearen arteko auziaren arrazoia eraikinaren erabilera eskubidea zen. Arazoa 2014an hasi zen argitzen, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Udalari arrazoia eman zionean. Gainera, Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Anboto-pe elkartekoek erabaki horren ondoren aurkeztutako errekurtsoa.