Atxondoko Udalak datorren urtarrilean hasi nahi du Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berria idazten. Horretarako lizitazioa aurten bertan egin nahi du eta urte berriarekin batera aukeratuko duten erredakzio-taldea plan berria idazten hastea nahi dute.
Atxondoko Gobernu Taldeak argi berdea eman zion otsailean HAPOren hasierako eta behin-behineko onarpena baliogabetzeari. Baina atzera pauso hori beharrezkoa dela uste dute “aurrera egin ahal izateko”.
“Orain arte indarrean egon den planak ez du lege-galbaherik gainditu eta jasanezina da”, Xabier Azkarate alkatearen arabera. Aurreko planak “bizitegitarako eraikuntza-ahalmen guztia Markoida inguruan kontzentratu zuen, uholde-arriskua duena, eta gainerako orubeak desklasifikatu egin ziren”.
Ordutik, plana geldirik dago “eta bideraezina da”, eta horregatik, ”guztien adostasunarekin egin daitekeen plan berri baten alde egingo dugu”, adierazi du Azkaratek.
“Badakigu HAPO bat idazteaz hitz egiten denean epeak luzatu egin daitezkeela; gainera, parte-hartze prozesu bat eta genero ikuspegi bat hartu behar ditugu kontuan, eta, horregatik, gure asmoa lehenbailehen ekin ahal izatea da. Hamaika urte galdu ditugu eta ezin dugu bat gehiago ere galdu”, azaldu du alkateak.