
Atxondoko Cemosa enpresako langileek greba mugagabea hasi dute, “enpresak borondate eza adierazi duelako hitzarmen berria adosteko”, lantegi horretako komiteak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez. Greba hasteko erabakia 137 langile bildu zituen asanbladan hartu zen, 99 langileren aldeko botoarekin, kontrako 37 botorekin eta batek boto zuria eman zuen.
Enpresa komiteak zabaldutako prentsa oharrean argitzera ematen denez, “bi urte luze daramatzagu akordioak lortu nahian“ eta lantokian dagoen prekarietateaz gain “gehiegizko eta legez kanpoko azpi-kontratazioa” dagoela salatu dute. Egindako kontratazio horiei “zigor administratiboak” ezarri dizkio lan ikuskaritzak, langileen ordezkariek diotenez.
Halaber, “ezkutuko soldata bikoitzak”, “lan osasunean prebentzio falta”, “indarrean dagoen hitzarmen orokorra ere betetzen ez duen flexibilitatea”, “enplegu politika falta” eta “ “bazterketa eta ezberdintasuna kontratazio berrietan” dagoela ere salatu dute hedabideei helarazitako prentsa oharrean.
Enpresako arduradunek ezarritako “blokeo eta borondate ezak” bultzatutako greba hasi aurretik, egoera ekonomiko eta merkatu kokapen bikaina duen lantokia kudeatzen dutenek “oso gustura” egon direla diote, “egoera sozialaz baliatuz, prekariezazioa kudeaketaren zutabe erabiltzen” aritu direlako.
Soldata igoera
Egiturazko lanpostuak ezin izango direla azpikontrata, Aldi Baterako Laneko Enpresekin edo bestelako kanpoko langileekin bete; beharrezko langile finkoen kopurua adostea eta langileen funtzio, kategoria eta lan baldintzak “argi definituta eduki behar ditugula” eskatzen dute greban dauden langileek. Horrez gain lan kategoria guztiak adostutako soldata taularen arabera jartzeaz gain egon daitezkeen baja, opor edo bestelako arrazoiengandik egindako ordezkapenak “Lanbideren bidez kudeatu”, langile hauekin lan poltsa eratu eta lan postuak sortzean lehentasuna errespetatzea ere eskatzen dute.
Ordezkari sindikalen arabera errelebo kontratuetako langileak finkoak bihurtzea 20 langilerenagan izango zuen eragina. Bestalde, amiantoa, hipoakusia eta baldintza thermo-higieniko kaxkarretan lan egin izan duten langileekiko protokolo adostuaren beharra ere ikusten dute.
Langileek soldaten igoera ere eskatzen dute, %2,4 kontzeptu guztietan 2014rako eta ondorengo urteetan Kontsumorako Prezioen Igoera gehi %2a, %1eko bermearekin.