Atxondoko eskolako gurasoek haserrea agertu dute ikastetxean jarri behar den sukaldea jartzeko lanak atzeratu egingo direlako, nahiz eta 2020ko udan ipiniko zela adostu zuten erakundeekin. Ikasleen Guraso Elkarteak (IGE) adierazi duenez, obra horren ordez beste eginkizun batzuk lehenetsiko dituzte Udalak eta Hezkuntza sailak, “2-3 urteko gela adibidez”.
Sukaldea egin aurretik beste lan batzuek egingo direla jakin ondoren, Atxondoko IGEk eta Eskolako zuzendaritzak “bilera batera deitu zituzten bai Udal ordezkariak eta baita Hezkuntza departamentuko ordezkariak”. Hala ere bilerara ez zen ordezkari publikorik agertu eta Xabier Azkarate alkateari deitu ziotenean “oso lanpetuta dagoela esan zigun”.
Nahiz eta bilera beste egun baten egiteko prest egon eta “eguna eta ordua jartzeko eskatu” Azkaratek muzin egin zion gonbiteari eta guraso elkartearekin eta zuzendaritzarekin elkartzeko denborarik ez zuela esan zien, IGEren esanetan.
Egoera horren aurrean Eskola kontseilua konbokatu zen baina, Covod-19aren krisiaren ondorioz, elkartu eta gertatutakoa salatzea ezinezkoa egin zitzaien familiei. Eta erakundeengatik jasotako erantzunarekin “oso haserre” daudela adierazi dute, bai alkatearekin zein Hezkuntza departamentuarekin. “Ez zaigu serioa iruditzen eurek gure mezuei erantzun ere ez egin izana”.
Atxondoko gurasoek hainbat ekimen burutu dituzte sukaldea eskatzeko, tarteko umeek eta eskolako zuzendaritzak direla bi urte catering enpresei egindako plantoa; horren ondorioz, herriko plazan bazkaldu zuten aste betez. Gainera, ortua, hitzaldiak, tailerrak, bertoko produktuen dastaketak, ekoizleei bisitak eta bestelakoak ere egin dituzte.
Orain, koronabirusak eragindako konfinamenduagatik etxean egon behar badira ere, ez dute berain protesta alde batera uzteko asmorik. Horretarako, eta sukaldea uda honetan jartzea aldarrikatzeko ‘#Gu etxean, Sukaldea eskolan Orain!!’ kanpaina jarri dute martxan.
“Agerraldi eta manifestaziorik ezin dugunez egin, Atxondoko gurasook aldarria egin dugu gure etxeetan, bat eginez etxean egotearen gomendioaz eta gure aldarria gehituz”. Eta horren eredu dira IGEko kideek egin dituzten argazkian.