Atxondoko Udalak 118.000 euro bideratuko ditu eskolako patioa hobetzeko lehen fasera, egitasmo horretan Led argiteria jartzeaz gain 180 metro karratuko estalkia eta eszenatoki bat ipintzea aurreikusten dela. Lehen fasea datozen hilabeteetan gauzatuko da, baina proiektu osoaren aurrekontua 372.300 eurokoa da.
Datozen egunetan hasiko diren lanek, Led argiteria jartzeko izango dira. Patioko argiztapena handitzea 12.000 euro aurrekontua du eta hamabi proiektagailu jarriko dira. Gauez ikuspena hobetuko denez, instalazioen erabilera handiagoa izango da.
Argiztapen berria instalatuko den lekuan, 180 metro karratuko azalera izango duen estalkia jarriko da eta horren azpian haurren jolas eta antzezpenetarako agertoki bat ipiniko da. Estaldura zutabe gutxirekin planteatzen da, “haren azpian oztoporik gabeko espazio zabal bat sortzeko”, Udal arduradunek adierazi dutenez.
Pasabide berria
Bigarren faserako aurreikusitako hobekuntzak, estalitako espazioa eta lehen hezkuntzako eraikinaren sarrera nagusia lotuko dituen pasabide bat jartzea ahalbidetuko dute. Horrela, “ibilbide estali bat egokituko litzateke euria egiten duen egunetan. Era berean, instalazioetan dauden patioak lotzeko elementu gisa balio du”.
Aipatutako hobekuntzekin “Atxondoko Udalak Eskolaren eta Ikasleen Gurasoen Elkartearen (IGE) beharrei erantzuten die, patio inklusiboago bat eraikitzeko helburuarekin, non futbolak gaur egun duen protagonismo handia galduko duen”, Gobernu taldeko kideen esanetan.
Ondorioz, “dibertsitate handiagoko espazioak prestatuko dira, haur guztiei egokitzeko”, eta horretarako, “elementu naturalekin eta jolasguneekin espazioak sortzea proposatzen da, atsedenerako eta sozializaziorako espazioak indartu nahian”.