
Atxondoko herritarrak elkarlanean hasi dira Arrazola eskola zaharreko beheko solairua konpontzen, bertan taberna eta denda jartzeko asmoarekin. Dagoeneko bi lansaio egin dituzte eta datorren zapatuan hirugarrenari ekingo diote.
Elkarlaneko lehen saioa urriaren 12an egin zuten eta bigarrena pasaden zapatuan. Bertaratutako herritarrek beheko solairuko hagak, zutabeak eta zorua berregiten jardun zuten batez ere. Datorren zapatuan hirugarren lansaioa egingo dute goizeko 8.30ean hasita.
Atxondo Udalak urte hasieran berreskuratu zuen Arrazolako eskola zaharreko behe solairuko erabilgarritasuna, zortzi urtez lokala erabiltzen zuen Anboto-pe elkarteko kideekin epaitegietan ibili ondoren.
Epaileek emandako erabakiaren ondoren, Aiert Buruaga arkitektoak bost proposamen ezberdin landu zituen, taberna, denda eta aterpetxea egiteko, bai eraikin horretan zein udaletxe zaharreko sotoan.
Anboto-pe elkarteak erabiltzen zuen lokalean taberna eta denda jartzea erabaki zuten herritarrek ia aho batez. Aterpetxea berriz, udaletxe zaharreko eraikinaren sotoan kokatuko da eta bertan zazpi ohe inguru jarriko dira. Hala ere, taberna, denda eta aterpetxearen kudeaketa bateratua izango da.
Udalak diruz lagunduko du herritarrek elkarlanean egiten ari dituzten lanak, baina “aterpetxea egiteko lanak enpresaren batek egingo ditu”, David Cobos alkateak adierazi duenez. Bere asmoa “lanak datorren udarako amaituta” egotea da.