
Atxondoko Udalak ekainaren 24an irekiko dituen udako igerilekuen prestakuntzak egiten ari da, bertako tabernako kudeaketa eta ustiapenerako esleipena egiteko deialdia barne. Instalazioak irailaren 4a arte egongo dira zabalik.
Esleipena lortzen duenak, denboraldiko 1.000 euroko kanona ordaindu beharko du, eta hiru zatitan egingo da ordaina, ekainean, uztailean eta abuztuan, hain zuzen.
Tabernak 11:00etatik 20:30era bitarteko zerbitzua eman beharko du, “kontratuak irauten duen egun guztietan”, Udal arduradunek adierazi dutenez. Gainera, esleipendunak egun guztietan eman behar du zerbitzua, kontratatutako langileen atseden-eskubidea, oporraldia eta gainerako eskubideak direnak direla.
Tabernan salgai egongo dira edariak eta establezimenduan bertan azkar kontsumitzeko jatekoak. Produktu osagarriak ere eskaini ahal izango ditu, hala nola, izozkiak, opilak, snack-ak, litxarreriak eta antzekoak.
Zerbitzuaren esleipena eskuratzeko interesdunek, ekainaren 6a arteko epea izango dute eskabideak bide elektronikoz aurkezteko. Kontratu honek 2023rako luzapena izan dezake.