
Atxondoko Udalak Hiritek enpresari esleitu dio udalerriaren hirigintza-etorkizuna zehaztuko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) gauzatzea. Eginkizun horretarako 170.000 euro bideratuko ditu.
Osoko bilkuran hartutako erabakiarekin, Udalak urrats berri bat ematen du herriak udalerriaren hirigintza-etorkizuna zehaztuko duen plan berri bat izan dezan.
Udalak 2020ko otsailean onartu zuen HAPOren hasierako eta behin-behineko onarpena baliogabetzeari. Izan ere, Gobernu taldea osatzen duten EAJko zinegotziek beharrezkotzat jo zuten atzerapauso hori aurrera egin ahal izateko.
“Orain arte indarrean egon den planak ez du lege-galbaherik gainditu eta jasanezina da. Bizitegirako eraikuntza-ahalmen guztia Markoida inguruan kontzentratu zen, uholde-arriskua duen eremua, eta gainerako orubeak desklasifikatu egin ziren”, Xabier Azkarate alkatearen esanetan.
Ordutik, “plana geldirik zegoen eta bideraezina izan da, eta, horregatik, lan egin behar dugu akordioarekin eta herritar guztien adostasunarekin egin daitekeen plan berri bat izateko, parte hartze prozesu batekin eta genero ikuspegia kontuan hartuta”, azpimarratu du Azkaratek.