
Atxondoko Udalak ‘Kale irekiak’ deituriko ekimena jarriko du martxan datorren ostiralean, herritarren artean egingo duen aurkezpen publikoarekin. Apatako elizateko espazio publikoaren berrantolaketa eragin nahi duen egitasmo berritzaileak, tokiko arkitektura eta ingeniaritza lantzen duen Urak Bide taldeak kudeatuko du.
‘Kale irekiak’ ekimenarekin “herritarrak kalea zelan bizi duten eta zeintzuk diren bertako arazoak” identifikatu nahi dituzte lehenik, Saioa Zuazubiskar eta Kimetz Munitxa Urak Bide taldeko teknikarien esanetan. Herritarren partaidetzaren bidez “nolako Apata nahi eta behar dugun” zehaztu nahi dute.
Herritarren beharrei, herriaren tamainari eta Udalaren baliabideen neurrira egokituta egongo den ekimena, “gestio eta errealizazio aldetik errealista izan nahi du” Zuazubiskar eta Munitxaren esanetan.
Herritarren ekarpenekin gauzatuko den Plan Zuzentzailean tartekatuko diren eginkizunen bitartez “etorkizunean egin behar diren berrikuntzak aurreikusiko ditugu, orain arte egindako lanak bat-bateko premien arabera egin ditugulako”, David Cobos Atxondoko alkateak adierazi duenez.
Legegintzaldi osoko iraupena izango duen ‘Kale irekiak’ ekimena, bi zatitan banatuko da. Otsailaren 12tik martxoaren 15era gauzatuko den lehen atalean, elizateko arazoak identifikatuko dira. Ondoren, ekainerako gauzatuta egongo den Plan Zuzentzailean batuko diren eginkizunen arteko lehentasunak erabakiko dira.
Lora bat opari
Ekimena etzi abiatuko da, arratsaldeko lauretatik aurrera Apatako plazan, talde teknikoak herritarren artean egingo den aurkezpenarekin. Bertaratzen direnek guztiek lore bana jasoko dute opari.
Martxoaren 15erarte hainbat ekitaldi prestatu dira ekimenaren baitan, herritar guztientzat antolatutakoak zein ume, nagusi edo emakumeek sortutako lantaldeetan aztertuko direnak.
Hurrengo hitzorduen artean, datorren asteartean eskolako gimnasioan egingo den World kafea; otsailaren 22tik 26ra bitartean burutuko den Haurren astea; herriko bideoaren emanaldia edo Mugikortasuna eta eguneroko bizimodua landuko dituen ekitaldia azpimarra daitezke.
‘Kale irekiak’ ekimenaren bigarren atala ekainean abiatuko da. Herritarrek egindako ekarpenak hirigunearen berrantolaketan eragina izango duen Plan Zuzentzailean agertuko dira.
Lan-tresna horrekin “Apatako mugikortasunaren eta espazio urbanoaren inguruan proposatutako aldaketak aurkeztuko dira” eta herritarrentzat lehentasun handiena duten eginbeharrak zeintzuk diren erabakiko da.
Egitasmo berri honen bidez, Udaleko ordezkariek era ordenatu eta antolatu baten jasoko dituzte “herritarrak kalean sarritan egindako eskakizunak”, Cobosek adierazi duenez. Modu informalean jasotako eskakizunen artean, kotxeak eragiten dituzten arazoak aipatu zituen alkateak; esaterako, “Osakidetzaren kontsultategi inguruan egoten diren aparkatzeko arazoei buruz edo igerilekurako bidean txarto utzitakoek eragiten dituzten trabengandik”, besteak beste.