Atxondoko Udalak San Pedro elizako eta eskola inguruko bidea behin-behinean moztea erabaki du, eremu horretan trafikoa eta aparkalekuak zelan kudeatu erabaki arte.
Udalak “prebentzio eta segurtasun arrazoiengatik” hartutako erabaki horren bidez, “mota guztietako ibilgailuen joan etorria eta aparkatzea” debekatzen da, bidea mozten duen hesian azaltzen den bezala.
Erabaki horren arrazoia inguru horretan sortu diren arazoetan arrazoitu du Gobernu Taldeak. Izan ere, “espazio horren zati batean espaloia harrizkoa da eta beste batean asfaltozkoa. Harrizkoa oinezkoentzako izan arren, jendeak bertan aparkatzen du eta erabilera txarra eman zaiola azaldu dute.
“Orain arte espazio hori ez da erregulatu, eta horregatik hainbat arazo sortu dira”, Eneritz Agirre Atxondoko alkatearen esanetan.
Arazoari irtenbidea emateko eta “eremu horren erabilera egokiena zein izan daitekeen erabakitzeko”, Udal arduradunek eremua zelan kudeatu aztertzen ari dira “auzokideekin eta eskola komunitateagaz” berba eginez.