52 salmenta postu inguru bilduko dira datorren zapatuan eta domekan Ezkurdi plazaren bueltan egingo den ‘Naiz Market’ azokaren bigarren edizioan. Ekimen honek aukera aparta emango die euren negozioak ezagutarazteko komertzio, marka eta ekintzaile txiki zein artisauei, birziklatutako produktuen ekoizleei edo artea, diseinua, moda eta musika lantzen duten saltzaile eta sortzaileei.
“Pandemiaren eraginagatik momentu oso txarra da komertzio txikientzat, ekoizleentzat eta artisauentzat eta horregatik beharrezkoa da Naiz Market bezalako ekimen bat egitea”, azpimarratzen du azokaren arduradunetako bat den Asier Bañosek. Bigarrenez egingo den ekimenak, beraz, “jendearengana heltzeko duten baliabide premia” asetzeko aukera eskainiko zaie parte-hartzaileei.
Egitasmoa sustatzen dutenen esanetan, “proiektuaren helburua ez da etekinak lortzea” eta arrazoi horregatik “transparentzian eta tratu hurbilean” oinarritzen da. Horregatik, “ez dugu filtrorik jartzen postuak bertan instalatu nahi dituztenentzat. Bertan egotea eskatzen duen edonoren eskaria onartzen dugu eta momentuz inori ez diogu ukatu aukera hori”.
Lehenengo edizioan bildu ziren postuekin alderatuta, “irekiagoa eta alternatiboagoa” izango dela azpimarratzen du Bañosek. Izan ere, jendeak jakiak saltzeko aukera izatea eskatu zien iaz eta “ideia ona iruditu zitzaigun”. Aurten, beraz, “Mallabiko eta Lekeitioko ekoizleak gerturatuko dira artisau eran egindako jakiak eta gozokiak saltzeko, eta Gorrotxa tabernak food-track bat gerturatuko du.
Urrike liburu-denda
Aipatutako berrikuntzak ez dira aurtengo edizioko bakarrak izango, azoka alternatibo honetako beste nobedade bat Urrike liburu-dendak jarriko duen postua izango delako. Gainera, horrelako ekimenetan salgai jartzen diren jantziak, kamisetak, bitxiak edo eskuz egindako bestelako osagarriak ere presentzia nabarmena izango dute, antolatzaileen asmoa “klasikoa ez den azoka” egitea delako.
Bigarren eskuko salmenta ere sustatuko dute antolatzaileek, “birziklatzea eta hondakinen murrizketa” ere ekimenaren ezaugarriak direlako.
“Transparentzian” oinarritutako ekimena izateaz gain, saltzaile eta erosle edo bisitarien arteko “tratu hurbila” ere aldarrikatzen du Bañosek, azoka kudeatzen duen elkarteak “irabazi-asmorik gabeko kultura” lehenesten duelako. Horregatik, ekimenarekin lortutako guztia “etorkizuneko ekitaldi eta merkatuak antolatzeko erabiliko da, geroz eta jende gehiagori gure mezua zabalduz eta parte hartzaileei zerbitzu hobea emanez”.
21 postu
Naiz Market ekimenaren lehenengo edizioa iazko otsailean egin zuten Joxe Miel Barandiaran kalean eta bertan 21 postu egon baziren ere “oso ondo irten zen eta gure asmoa Gabonetan beste azoka bat egitea zen baina, osasun-egoera zela eta, ez egitea erabaki genuen. Uste dugu orain murrizketa gutxiago daudela eta jende askok txertoa hartu duenez, une egokia dela”.
Edizio honek izango duen bigarren aldaketa nabarmena espazioarena izango da, iazko kokagunea “txiki gelditu zaigu eta. Horren arrazoia izena eman duten parte-hartzaileen zerrendak eragin du, edizio honetan iazko kopurua bikoiztu baino gehiago egingo delako. “Egun bietan saltokiak jarriko dituzten parte-hartzaileak 33 izango badira ere, egun batean 42 postu egongo dira guztira eta bigarrenean 38”, Bañosen esanetan.