Gaur hasi eta zapatura arte hainbat ekimen antolatu ditu Elorrioko Udalak herriko ikasleentzat zen herritar helduentzat, herrian burutuko den Mugikortasun Astean. Europa osoan irailaren 16tik 22ra ospatuko den Mugikortasun Asteak, herritarren ohiturak hobetuz mugikortasun-beharrak murriztu eta garraiobide iraunkorragoak erabilarazi nahi ditu.
‘Uztartu eta mugi zaitez’ lelopean prestatutako ekimenak gaur bertan hasiko dira. Herritarrek, auto eta bizikleta elektrikoak frogatzeko aukera izango dute, goizez zein arratsaldez, Buzkantz kalean jarriko den standean. Bihar ere eskuragai izango dira autoak eta bizikletak goizez zein arratsaldez eta 18:00etan bastoiekin ibiltzeko ikastaroa eskainiko du Bizidun elkartean Buzkantz kalean.
Herriko ikasleak izango dira eguazten, eguen eta bariku goizeko protagonistak, 10:00etatik 12:00etara bide-heziketa ikastaroak emango baitira ikastetxeetan. Ekimen horren bidez, gazteen artean bizikletaren erabilera sustatu nahi da, eta erabilera hau arduratsua izan dadin oinarrizko ezagutzak emango ditu udaltzaingoak.
Eguaztenean, 18:00etan ‘Mugikortasuna eta burujabetza energetikoa’ren inguruko hitzaldia ere eskainiko dute Goienerreko adituek Iturri Kultur Etxean. Eguenean berriz, bastoiekin ibiltzeko ikastaroa errepikatuko da 18:00etan Buzkantz kalean. Barikuan, 18:00etan Elorrioko Mugikortasun Plana aurkeztuko dute Iturri Kultur Etxean.
Zapatua, irailaren 22a, ekintzaz beteriko eguna izango da, kotxerik gabeko eguna ospatzen delako. Hori dela eta, Buzkantz kalea moztuta egongo da trafikoarentzat eta bertan rokodromoa, tirolina, bizikletak konpontzeko tailerra, kart pista eta egurrezko jolasekin gozatzeko aukera egongo da.
Gainera, 10:30ean, Elorrio inguratuko duen bizikletada burutuko da Elorrioko Txirrindulari Elkartearen laguntzaz.