
Elorrioko Udaleko Berdintasun sailak parekidetasuna indartzeko hiru ikastaro prestatu ditu udazkenerako. ‘Autodefentsa Feminista’ eta gizonei zuzendutako desjabekuntzarako clown ikastaroa urriaren 22an eskainiko dira eta ‘Dantza eta pintura’ deiturikoa azaroan zehar burutuko da.
‘Autodefentsa Feminista’ izenpean egingo den ikastaroak, emakumeen aurkako indarkeria motei aurre egiteko gaitasun fisikoak eta sendotasun psikologikoa garatzeko balioko du. Emagin elkarteak Iturri Kultur Etxean eskainiko duen ikastaroa 10.00etatik 14.00etara eta 15.30etik 19.30era emango da euskara hutsean. Ekimen honetan parte hartzeko bost euro ordaindu behar dira.
Egun berean burutuko den ‘Galtzen Ikasten’ ikastaroa mutilei zuzenduta dago eta berau desjabekuntzarako clownean oinarritzen da. Ekimen honek “mutil eta nesken arteko harremanak desberdintasunean oinarritzen direnean, mutilek inkontzienteki boterea bere gain izaten dute, bazterkeria sendotuz” Berdintasun sailetik adierazi dutenez.
Arriola Antzokian 10.00etatik 14.00etara burutuko den tailer honetan “indarkeria motak desberdintzen, mikromatxismoak zer diren identifikatzen eta maskulinitate eredu desberdinak ezagutzen ikasiko dute”, jolas eta barre eginez. Saioan euskara eta erdara uztartuko dira.
Ikastaro bi hauetan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea urriaren 17a orduko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo e-maila idatziz genero.teknikaria@elorrio.eus helbidera.
‘Dantza eta Pintura’
‘Dantza eta Pintura’ ikastaroa azaroaren 8, 15, 22 eta 29an (martitzenetan), 18.00etatik 20.30era, eskainiko da Iturri Kultur Etxean. Laida Bedós irakaslearen zuzendaritzapean, partaideek norbera entzuteko, egoteko eta jolasteko eta sormena askatu eta landuko du mugimendua eta marrazketaren bidez.
Ekimen honetan parte hartzeko ez da beharrezkoa dantzan edo marrazten jakitea, baina derrigorrezkoa da izena ematea urriaren 31a orduko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo e-maila idatziz genero.teknikaria@elorrio.eus helbidera.
Berdintasun sailak antolatutako ikastaroak, Udalak 2016-2017 ikasturterako programatutako ikastaroen eskaintzaren baitan kokatzen da.