
Axpeko San Juan jaiak eta Apatamonasterioko San Pedro ospakizunak bertan behera uztea erabaki du Atxondoko Udalak “osasun krisialdia kontutan izanda”. Hala ere, “egoera normalizatzen denean”, antolatzaileekin batera jai-ekitaldiren bat egiteko aukera aztertuko dute Udal arduradunek.
“Apurka-apurka normaltasuna berreskuratzen joan gaitezkeela dirudien arren, zuhurrak eta arduratsuak izan behar dugu, eta segurtasun eta distantzia sozialeko neurriak ahalik eta gehien zaintzen jarraitu behar dugu, jende gehiago bil daitekeen ekitaldiak saihestuz”, Xabier Azkarate alkatearen esanetan.
Horregatik, ekainean egiten diren San Juanetako eta San Pedroetako ospakizunak bertan behera uztea eta aurrerago jai-ekitaldiren bat egitea ez dute baztertzen Udal arduradunek. Zerbait egitekotan auzo bakoitzeko “antolatzaileekin batera” aztertuko dute.
Uztailean Santiago auzoan ospatzen diren jaiak eta abuztuan Arrazolan egiten diren Andra Mari eta San Roke osopakizunei buruz ez dute erabakirik hartu, nahiz eta printzipioz “mantendu” egingo diren. Hala ere, “osasun egoerak une bakoitzean duen bilakaeraren araberakoa izango da azkenengo erabakia”, Azkarateren esanetan.