
Anboto mendiaren magalean dagoen Axpe elizatean jokatuko da Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa datorren larunbatean, arratsaldeko bostetan hasita. Gerediaga Elkartearen antolakuntzarekin burutuko den 49. edizioan lurralde bakoitzeko txakurrik onenak izango dira.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko artzai txakur onenak izango dira larunbatean Axpeko Elizaburuko landetan izango den Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketan. Bertan, iazko irabazlea izan zen Aresoko Antonio Alustizaren ‘Jai’ txakurraz gain, herrialdeka egin diren lehiaketetako txapelduna eta txapeldunordea izango dira 2015eko Euskal Herriko artzai txakur onenaren tituluaren bila.
Arabako ordezkariak Ilarduiako Jose Maria Jauregiren ‘Leze’ txapelduna eta Aretako Fidel Alonsoren ‘Suit’ txapeldunordea izango badira, Bizkaiko bi ordezkariak Orozkotik gerturatuko dira, herri horretakoak baitira Eneko Serranoren ‘Seiko’ txapeluduna eta Enrike Mendigurenen ‘Riki’ txapeldunordea.
Gipuzkoatik, titulua lortu zuen Oñatiko Jose Maria Begoaren ‘Eder’ eta Arrasateko Jesus Maria Plazaolaren ‘Lagun’ txapeldunordea izango dira Axpen eta Iparraldetik berriz, Itxasuko Jean Paule Irikinen ‘Listo’ txapelduna eta Iholdiko Mitxele Atxeritogarairen ‘Beltza’ txapeldunordea.
Nafarroako hiru ordezkari
Hiru ordezkari gerturatuko dira Nafarroatik, tarteko herrialde horretako txapelduna den Amaiurko Jose María Istilarren ‘Lagun’. Beste biak Aresoko Antonio Alustizarenak izango dira; iazko Euskal Herriko txapelduna den ‘Jai’ txakurraz gain, aurten Nafarroako txapeldunordea izan den ‘Bat’ ere lehiatuko baita Alustizaren aginduetara.
Axpera gerturatzen diren ikus-entzuleek gazta eta ardoa dastatzeko aukera ere izango dute txapelketaren amaieran.