Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batzen diren lekuan kokatzen den Besaide tontorrean ospatuko da aurten ere, azken urtebetean mendian hildako mendizaleak gogoratuko dituen Oroitzapen Eguna. Ohikoa denez, iraileko hirugarren domekan egingo da zendutako zaletuak gogoratzeko ekitaldia, eta aurten Elorrioko Erdella Mendizale Taldeari dagokio egitarauaren prestaketa.
Eguneko egitaraua goizeko 8:30ean hasiko da, Elorrioko plazatik Memaiko gainetik Besaidera doan bidea abiatuko denean. 10:30ean txistulariak eta txalapartarien ekitaldia egongo da eta jarraian oroimen ekitaldi zibila hasiko da. Horren ostean Euskal Mendizale Federazioaren Lehendakariaren mintzaldia egongo da eta eguerdian Besaide dantza taldeko dantzarien eta txistularien ekitaldia egongo da.
Erdella Mendi Taldeko kideek jakiz eta edariz hornitutako txosna jarriko dute
Besaideko Oroitzapen Eguna 1955. urtetik ospatzen da, urte horretan jarri baitzen tontorrean 1953an Mont Blanc mendiak hildako lau mendigoizale bizkaitarrak gogoratzeko oroigarria. 1990ean berriz, Yosin Ogata eskultore japoniarrak egindako oroigarria jarri zuten tontorretik gertu.