Ohikoa denez, iraileko hirugarren domekan egiten den Oroitzapen Eguna egingo da domekan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bat egiten duten Besaide tontorrean. Azken urtebetean hildako mendizaleak gogoratuko dituen ekitaldiaren antolaketa Elorrioko Erdella Mendi Taldeari dagokio.
Eguneko egitaraua goizeko 8:30ean hasiko da, ordu horretan abiatuko baita Besaidera egingo den igoera, Elorrioko plazatik abiatuta eta Memaitik pasatu ondoren. 10:30ean txistularien eta txalapartarien ekitaldiak egongo dira eta ordu erdi geroago azken 12 hilabeteetan mendi istripuetan hildako mendizaleen aldeko oroimen ekitaldi zibila hasiko da.
Jarraian, Zigor Eguia Euskal Mendizale Federazioko lehendakariak hartuko du hitza eta eguerdian dantzarien eta txistularien ekitaldia egongo da.
Besaide Mendi Taldeko kideek janariz eta edariz hornitutako txosna jarriko dute.