Ikasle Goiza jendetsuarekin hasi bazen 57. Durangoko Azoka, bi urteko parentesiaren osteko Eztanda! kontrolatua izan zen. Hasiera-hasieratik, gazteekin eta kultura zaleekin bete dira Landako Gunea eta gainontzeko espazioak, uzta berriak zer eskaintzen duenaren bila.
Eta badago zer aukeratu jarri diren 248 standetan, argitaletxeek, diskoetxeek eta bestelako ekoizleek 930 nobedade gerturatu baitituzte Durangora. Gainera, Ahotsenea, Saguganbara. Irudienea, Talaia edo Szenatokia guneetan 250 ekitaldi inguru izango dira.
Azken gune horretan egin zen atzo arratsaldean edizio berriaren inaugurazio ekitaldia, eta bertan izan ziren Ima Garrastatxu Durangoko alkatea, Lorea Bilbao Bizkaiko foru diputatua, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea.
Mujikak aipamen berezia egin zien Azokaren eta Gerediaga elkartearen sortzaileak izan ziren “eta azken asteotan itxi gaituzten Leopoldo Zugaza eta Jesus Astigarraga, biak euskal kulturaren sustatzaile nekaezinak” izan zirelako.
Bere hitzaldian “bi urte beldurgarriren ondoren, aurtengoan Durangoko Azokaren Eztanda! biziko dugu. Eusko kulturaren Eztanda!”, adierazi zuen Mujikak. Izan ere, ‘leherketa’ horrek “Azokaren unibertso osoa birsortuko du. Mugarik gabeko Azoka izango da. Maskaren atzean izkutatzen ziren irribarreen itzulera”, azpimarratu zuen.