Bakardadearen edota amatasunaren ezkutuko alderdiei buruzko argazki bildumak, eta Zornotzako liburutegiak antolatutako ‘Kaligrama’ lehiaketara aurkeztutako lanak egongo dira ikusgai martxoan zehar Zelaieta zentroan jarriko dituzten hiru erakusketetan.
‘Mercedes, bakardade ikusezina’ deituriko bildumak, gizarte arazo horren inguruko gogoeta eragitea du helburu. Martxoaren 1etik 31ra ikusgai egongo den erakusketan, Ruben Orozco artista mexikarrak egindako Mercedesen eskultura hiperrealista azaltzen da, bera izan baitzen bakardadean hildako azken pertsona.
Erakusketa honekin BBK Fundazioak gizartearekiko konpromisoari heltzen dio, eta bakardadearen aurrean adinekoak eta adinekoak ez direnak ere babesteko kontzientziazio kanpaina bultatzen du.
Amatasun erreala
Amatasun errealaren erakusleiho izan nahi duen ‘Azukrearen garratza’ erakusketa ere, martxo osoan egongo da ikusgai. Iñaki Mendizabal argazkilariaren irudiekin osatutako bildumak, amatasunaren alderdi ezkutuetan jartzen du arreta.
Gizarteak, amatasuna idilikoa den zerbait bezala ezagutarazten badu, amatasuna harantzago doan zerbait dela adierazten du erakusketan, Mendizabalentzat kontu askoz ere konplexu, delikatu eta gorabeheratsua delako.
Musika eta irudiak uztartzen dituen hirugarren erakusketa berriz, liburutegiak antolatutako ‘Kaligrama’ lehiaketara aurkeztutako lanekin osatzen da. Kaligramak, letra eta hitzen elkartze bereziei esker gaia marrazten edo irudikatzen duten olerkiak dira. Eta egin zen lehiaketaren arau bakarra, kaligramak sortzeko aukeratutako abestien letrak soilik erabiltzea zen. Bilduma hau martxoaren 13tik 30era egongo da ikusgai.