
Mazedonia eta Euskal Herriko dantza eta doinuekin gozatzeko aukera egongo da bihar, arratsaldeko 20.00etan, Santa Ana plazan (edo Andra Marin eguraldi txarra eginez gero). Kriskitin dantza taldeak antolatutako Durango Folk 2016 ekimen honek emango dio amaiera aurtengo Uda Kalean Bizi egitarauari.
18. edizioa betetzen duen Nazioarteko Folk Jaialdiko protagonistak, Kriskitin talde antolatzailea eta Balkanetako Hego Ekialdeko folklorea gerturatuko duen Mazedoniako Orce Nikolov taldea izango dira.
26 gizon eta 16 emakumek osatzen duten Orce Nikolov taldea, Skopje-ko herri dantza eta kantu taldea da. 1945ean sortutako konpainiaren helburua Mazedoniako herri dantzak, kantuak, musika eta janzkera berezia zaintzea eta ezagutaraztea da.
Talde mazedoniarrak herri tradizioko kulturaren zaintzaile da eta beraien ikuskizunetan sorterriko herri-tradizioen edertasunaz gain, koreografiekin eta musikari-dantzarien iaiotasunaz baliatzen dira.
Orce Nikolov taldeak Mazedonian zein atzerriko hainbat naziotan eskainitako agerraldietan erakutsi ditu bere ikuskizunak.
Balkanetako Hego Ekialdean kokatuta dagoen Mazedonia Errepublika hiru hizkuntza dituen herrialdea da eta bertan bizi diren biztanleak mazedoniera (1,4 milioi), albaniera (500.000) eta turkiera (80.000) hitz egiten dute.
Durangoko Nazioarteko Folklore Jaialdiak herrialde desberdinetako partaideak izan ditu aurreko 17 edizioetan. Ekimen honetan, euren folklorea erakutsi dute Estatu espainiarreko Erkidego autonomoetatik gerturatutako taldek zein Grezia, Txina, Txekia, Kolonbia, Yakutia, Kroazia, Turkia edo Kubatik etorritakoak.