Otxandioko Kementsu Kultur Elkarteak ohiko Baserriko Produktuen Azoka antolatu du biharko. Herriko Plaza Nagusian goizean burutuko den feria, osagarriak izango diren ekimenekin borobilduko da.
Zonaldeko ekoizleek eta artisauek euren baserrietako produkturik onenak erakutsiko eta salduko dituzte aurtengo Baserriko Produktuen Azokan. Postu hauez gain, artisauek jarritakoak ere egongo dira eta bertan eskulanen erakusketa eta salmenta egongo da.
Goizean zehar, Euskal Herriko Urrezko Aizkoraren final-aurrekoa jokatuko da Aitzol Atutxa eta Mieltxo Mindegia aizkolarien artean eta harrijasotzaileen erakustaldia egongo da. Egitaraua borobiltzeko eta kale giroa jartzeko, Gesaltzako txaranga ibiliko da han-hemenka.
Gorbeialde Landa Garapenerako Elkarteak ere standa jarriko du Otxandioko Azokan, turismo, merkatu eta azoken dinamizazioa bultzatzeko helburuarekin. Gorbeiako Gune Turistikoari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, eskualdeak eskaintzen dituen esperientziak ezagutaraziko dira. Gainera, tokiko salmenta animatzeko, Gorbeiako delikatesen saski bi zozketatuko ditu, azokako produktuak erosten dituzten guztien artean.