
Mallabiko Andra Mari jaiaren egitarauaren baitan antolatutako XXVIII. idi proba txapelketak bederatzi idi-pare bilduko ditu. Aurten hiru saio izango dira; lehena, datorren zapatuan izango da eta beste biak datozen astelehenean eta martitzenean, guztiak gaueko 22.00etan hasita.
Bederatzi partaideen arteko irabazleak, 1.700 euro, garaikurra, txapela eta mantak jasoko ditu. Bigarrenak, 1.450 euro eta garaikurra eskuratuko ditu; hirugarrenak, 1.300 euro eta garaikurra eta laugarrenak 1.100 euro eta garaikurra. Bosgarrenetik bederatzigarrenera 1.000 eta 750 euro arteko diru-sariak eskuratuko dituzte.
Aurtengo edizioan 1700 kiloko harria erabiliko da eta ekitaldiei hasiera emango dion saioa barikuan izango da. Ekitaldian, Orioko Oliden, Mungiako Billela auzoko Lazki eta Muruetako Kamiñokoren idi-pareak lehiatuko dira.
Bigarren saioa gaur zortzi izango da eta karrajuan Eibarko Mendigoiti, Bakioko Txomin Renteria eta Laukizko Aldazabalen idi-pareak lehiatuko dira.
XXVIII. edizioko azken saioa datorren martitzenean izango da eta ekitaldiko protagonistak Elgoibarko Soarte, Lemoizko Andraka Sagardotegia eta Mungiako Birle-Billelako Iñaki Lopategi izango dira. Tiraldiak amaitzerakoan sari banaketa egingo da.
Idi-parearen oinarrizko pisua 1.100 kilo izango da, eta pisu hori gainditzen duenak, kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gainkarga hartuko du.