Merinaldeko Ezpatadantzari Egunaren 49. edizioa ospatuko da zapatuan Izurtzan eta ekitaldian eskualdeko sei herritako bederatzi talde bilduko dira, Dantzari Dantzan osatzen duten bederatzi dantzak eskaintzeko. Agerraldia Erregelak edo Soka dantzarekin osatuko da eta ekitaldian zehar Mendigain dantza taldeko sei kide omenduko dituzte.
Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna Gerediaga elkarteak, Durangaldeko dantza taldeek, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, Izurtzako Udalak eta herriko Mendigain Dantza Taldeak antolatu dute.
Eguneko egitaraua arratsaldeko 18.30ean abiatuko da, ekitaldian izango diren taldeak Azkonizaga inguruan bildu eta herriko plazaraino egingo duten kalejirari ekiten diotenean. Aurten, Iurreta, Izurtza, Garai eta Mañariako talde bana, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeak eta Durangoko Tronperri, Txoritxu Alai eta Kriskitinek parte hartuko dute.
19.00etan Dantzari dantza edo Bizkaiko Ezpatadantza izenarekin batzen diren bederatzi dantzak eskainiko dituzte Izurtzako plazan. Agerraldia Agintarienarekin hasiko da eta jarraian Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa eta Makil-dantza eskainiko dituzte. Dantza sorta hau Txotxongiloarekin osatuko dute.
Dantza saioa Soka dantza edo Erregelarekin jarraitu da eta ekitaldian zehar Mendigain dantza taldeko Juan Antonio Aroma, Alberto Garate, Itziar Iriondo, Pili Arrazola, Maite Zubillaga eta Inma Gorrotxategi omenduko dituzte.
Eguneko egitaraua frontoian egingo den lagunarteko afariarekin eta Firin Faran taldeak girotuko duen dantzaldiarekin osatuko da.
Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna 1967an Iurretan ospatutako lehenengo aldiz, “Dantzari dantza izenarekin ezagutzen den bederatzi dantzak osatzen duten multzoa ezagutzera emateko asmoarekin”, antolatzaileen arabera.
Bederatzi dantza
Gaur egun ‘Bizkaiko Ezpatadantza’ izenarekin ere ezagutzen diren dantza horiek mendeetan zehar iraun dute eskualdean eta XX. mende hasieran eskualdetik Bizkaiko lurraldeetara zabaldu ziren.
Bederatzi dantza hauek lurralde zabalago baten dantzatutako dantzak izan omen ziren, baina XIX. mendearen bukaeran Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz eta Garaiko elizateetan bakarrik dantzatzen ziren. “XX. mendearen hasieran, berriz, berpizkunde handi baten ondoren, Bizkaiko lurralde gehienetara zabaldu zen, gaur egun ezagutzen dugun ikur bihurtu arte”, Gerediagako antolatzaileen arabera.
Dantzak eta dantzariek ba ahal dute sexurik? Emakumea ala gizonezkoa?