Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki aldizkariak Benita Uribarrena Bollain durangarrak bizi izan zuen pasarte bat argitaratu berri du ‘Benitaren euria’ izenburuarekin. Komiki formatuan egindako lanaren egileak Unai Iturriaga eta Alex Sanvi izan dira; bertsolari durangarrak gidoia idatzi zuen eta Sanvi marrazkien egilea da.
Zazpi orrialdetan azaltzen den istorioa Benita Uribarrenaren alaba den Marina Fuster Uribarrenaren elkarrizketatik jasota dago. Komikian azaltzen denez, istorioa Benita Uribarrena zenaren “bizitzaren pasarte batean oinarrituta dago”.
1942ko otsailean kokatutako pasarteak Donostiatik Durangora egindako joan-etorria islatzen du. “Bost urteren ostean” Durangora itzultzen den Benitari arraroa egiten zaio berriro sorterrira itzultzea, herritik joan zena eta datorren pertsona “bera ez balira legez”.
Hala ere, ‘Benitaren euria’n azaltzen den pasartea “benetan gertatu zen, nahiz eta ez dakigun bidaia hori Durangora egin zuen ala beste leku batera”, Unai Iturriagaren esanetan. Dena dela “Marinak kontatu zigun istorioa fikzionatu egin genuen, Benitaren alabak horretarako baimena eman zigun eta”.
Xabiroi aldizkaria
Benita Uribarrena Durangon jaio, Ipar Katalunian bizi, Frantzian atxilotuta egon eta 2000. urtean Borrokalari Boluntarioaren Gurutzearekin aintzatetsia izan zen. Emakume ekintzaile komunistari buruz argitaratutako komikia egiteko aukera Iturriagak baliatu zuen Xabiroi aldizkariaren arduradunen eskaintza jaso ondoren. “Sanvik eta biok aldizkari horretan kolaboratzen dugu eta bertako arduradunek nahi genuen istorioa kontatzeko aukera eman ziguten”, Iturriagaren esanetan.
Bertsolari durangarrarentzat “ametsa izan zen” jasotako proposamena, Durango 1936 elkarteko kidea delako eta elkarte horren webgunean “oso erakargarriak diren testigantzak” jasotzen direlako. “Komikiak egiteko zientoka historia azaltzen dira bertan”, izan ere, “errealitatea fikzioa baino aberasgarriagoa da gehienetan”, Iturriagaren ustetan.