Durangoko Berbaro Elkarteak “eskaintza oparoa dakar udaberri eta udarako”, hainbat ekintza prestatuko baititu Aste Santuko zein uda oporretako aisialdiaz gozatzeko.
Apirilean izango diren udaberriko oporretarako, elkarteko kideek Udaberrian Olgetan egonaldiak prestatu dituzte, 2012 eta 2017 urteen artean jaiotako umeentzat. Lehenengo egonaldia, 11tik 13ra izango da eta bigarrena, 19tik 22ra, kasu bietan 9:00etatik 13:00etarako ordutegiarekin. Nahi dutenek bi txandetan eman dezakete izena.
Udako oporretarako berriz, Durangon egingo diren Olgetan egonaldiak, Udaleku finkoak eta Udaleku ibiltariak prestatu dituzte.
Finkoak eta ibiltariak
Olgetan egonaldietan ere bi txanda egingo dira; lehena, ekainaren 27tik uztailaren 8ra eta bigarrena, uztailaren 11tik 22ra. Kasu honetan ere 2012 eta 2017 urteen artan jaiotakoentzat izango dira eta ordutegia 09:00etatik 13:30era izango da, nahiz eta astean behin 16:00ak arte egun osoko irteera egingo den. Ekimen honetan ere bi txandetan eman ahalko da izena, eta jantokian bazkaltzeko aukera egongo da.
Udaleku finkoak Larraulen eta Mendigorrian izango dira. Lehena, ekainaren 24tik uztailaren 3ra izango da eta LH3 eta LH4 mailetako ikasleei zuzenduta dago. Bigarrena, uztailaren 1etik 12ra bitartean egingo da eta LH5 eta LH6ko gaztetxoentzat izango da.
Udaleku ibiltariak ere bi izango dira, bata ibilaldi txikikoa eta bestea handikoa. Ekainaren 25etik uztailaren 6ra bitartean egingo den Ibiltari txikia, Debatik Bermeora arteko bidea egingo du eta DBH1 eta DBH2 mailakoentzat prestatuta dago. Ibiltari handia berriz, uztailaren 7tik 18ra artean egingo da Irurtzun eta Deba artean, eta DBH3, DBH4 eta Batxilergoko lehen mailakoei zuzenduta dago.
Udaberriko egonaldietan zein udalekuetan izena emateko epea martxoaren 7tik martxoaren 10era bitartean izango da, Berbaroren webgunean edo bulegoan. Gainontzeko informazioa (zozketak, prezioak, oharrak…) Berbaroren webgunean dago eskuragai (www.berbaro.eus).
Epea itxi ostean argitaratzeak zein zentzu du?